
Elhuyar Fundazioak taula periodiko berritua argitaratu du, bi formatutan: horma-irudia eta eskuko taula. Elementu bakoitzaren 16 datu; batzuk modu grafikoan, eta beste batzuk datu numeriko bidez adierazita: ikurra, izena, zenbaki atomikoa, pisu atomikoa, konfigurazio elektronikoa, dentsitatea, erradio atomiko, kobalente eta ionikoa, urtze- eta irakite-tenperaturak, lehen ionizazio-energia, elektronegatibotasuna, afinitate elektronikoa, izaera metalikoa eta agregazio-egoera. Eskuko taula bi aldetatik dago inprimatuta: alde batean oinarrizko datuak daude eta bestean datu teknikoagoak. Beraz, DBHn nahiz unibertsitatean erabiltzeko taula da.
1999tik aldaketa asko izan dira kimikaren munduan. Hainbat elementuren aurkikuntzak iragarri dira, eta horietako batzuk ontzat eman ditu IUPACek --nazioarteko erakunde arau-emaileak--.
Taula periodiko eguneratua argitaratzeko beharra eragin du horrek. Pentsa, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak eta EHUk argitaratutako azken taula 110. elementura iristen zen eta Elhuyarren aurrekoa 103.era besterik ez. Argitaratu berri dugun taulan, berriz, 118 elementu azaltzen dira; hala ere, esan behar da datu ziurrak 111. elementura artekoak direla.
Historia pixka bat
1868an, Julius Lothar Meyer kimikariak sistema periodiko bat aurkitu zuen elementuak ordenatzeko, baina ez zuen argitaratu 1870a arte; berandu. Izan ere, 1869an, Dimitri Mendeleiev kimikariak taula periodikoa proposatu zuen elementuen sailkapena egiteko. Pisu atomikoen arabera ordenatu zituen elementuak lerroka eta zutabeka (gaur egun zenbaki atomikoen arabera antolatzen da), eta hutsuneak utzi zituen orduan ezagutzen ez ziren elementuentzat. Gerora aurkitu dira toki horietan egon behar zuten elementuetako batzuk, eta beste batzuen bila ari dira oraindik. Taula periodikoa, beraz, etengabe ari da eguneratzen.
Lasa Iglesias, Aitziber
STEAM Hezkuntza arloko arduraduna
Industria Ingeniaria, energia-tekniketan espezializatua (UPV/EHU) eta multimedia-ikasketak egina (UOC), Elhuyar Fundazioan dihardu 2002az geroztik, Zientziaren eta Teknologiaren gizarteratze-lanetan. Nagusiki haurrentzako eta gazteentzako proiektuetan ibilia, lehiaketak, aldizkariak eta bestelako proiektuak jarri ditu martxan Elhuyarren. 2006tik 2010era arte, BTEK Teknologiaren Interpretazio Zentroaren proiektu museologikoaren eta museografikoaren koordinatzailea izan da. Gaur egun, museografiaren ardura du Elhuyar Fundazioan, zientzia-zerbitzu espezializatuen eremuan.
Proiektu berrien diseinuaz gain, publiko desberdinei zuzendutako hainbat proiekturen ohiko kolaboratzaile ere bada gaur egun.