Suteak, deuseztagarri ala onuragarri?
2002/01/27 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Sugar gorri bizi-biziek beldurra eta suak kiskalitako bazter belztuek pena eman ohi dute. Basoak ezerezean geldituko direla uste izaten dugu eta, gainera, suteen ondorengo balorazioek usteak erabat zuzenak direla pentsarazten dute. Suteak, ordea, hain aipatuak izan ez arren, baditu bere onurak ere, betiere ekosistema batzuetan eta maiztasun jakin batekin gertatzen direnean.
Sutearen hastapenak eta hedadura
Gauza jakina da suteak gizakiaren axolagabekeriagatik —gaizki itzalitako zigarrokinetatik, kanpamentuetan baimenik gabe egindako suteetatik, etab.— edo tximistaren energia handiagatik pizten direla.
Hedapena, berriz, haizearen indarrak, hezetasun-mailak, orografiak eta basoa osatzen duten espezieek baldintzatzen dute. Haizearen eta hezetasun-mailaren eragina begi-bistakoa da. Haizeak bazterrak idortu, sua indartu eta, orografiaren arabera, garraiatu ere egiten du. Adibidez, haizeak sugarrak mendi tontor batetik bestera eraman ditzake. Lautadetan, aldiz, sua era linealagoan hedatzen da.
Oihana osatzen duten landare-espezieek ere badute zerikusia sutearen hedaduran. Adibidez, askoz lasterrago eta errazago erreko da pinudi bat harizti bat baino. Izan ere, koniferoek —pinuek, sekuoiek, etab.— ur-kantitate txikia gordetzen dute eta, gainera, erretxina izaten dutenez, pospoloak bezala erretzen dira. Aldiz, landare hostozabalek askoz ur gehiago dute eta, bazterrak lehor egonagatik ere, beren baitan izan dezakete suari aurre egiteko adina ur. Esaterako, haritz berdearen hostoen % 38-43 bitarte ura da. Are gehiago, Kamerun erdialdean, Chromolaena odorata landarearen babesari esker, oihanak gero eta lur gehiago hartzen duela ikusi dute. Landare hori duela hogeita hamar urte inguru sartu zuten eskualde horretan eta bere hosto ugariei esker, landare txikiei itzala eta sutearekiko babesa ematen die.
Azkenik, aipatzekoa da baita ere oihana erro handidun zuhaitzekin osatua badago, sua lur azpitik barreia daitekeela. Lur azpiko sua ez da ikusten, eta, hain zuzen ere, itzaltzen zailagoa delako kalte handiak eragin ditzake. Gainera, animalia txiki asko lurpean ezkutatu ohi dira sua pasatu arte eta, beraz, lur azpiko sua oso arriskutsua izan daiteke.
Sutea, ziklo berriaren hasiera
Sutearen ondorioak aztertzeko, hainbat faktore hartu behar dira kontuan: alde batetik, leku horretan suteak maiz izaten diren ala ez ikusi behar da eta, bestetik, erretako fauna eta flora zein den.
Oso desberdina da leku batean urtero nahita eragindako sutearen ondorioa eta tartean behin kudeaketarako nahita egindako edo tximistak sortutako suaren ondorioa. Sua ez da aldatzen, baina su hartutako ekosistema ez da bera. Urtero errez gero, naturari ez zaio birsortzeko aski denbora uzten eta, beraz, poliki-poliki pobretzen joango da, bai zorua eta bai ekosistema bera ere.
Aldiz, ekosistema berezien kudeatzaileek noizean behin ematen diete su eremu batzuei landaredi berria sortzearren da eta, sutea ongi menperatuz gero, ekosistemarentzat onuragarria dela ikusi da. FAOren (Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundea) txosten baten arabera, sua deforestazioaren eragile nagusietakoa izan da urte askotan, eta horregatik ahalik eta lasterren itzali nahi izaten zen. Baina suak ekosistemen osasunerako funtzio garrantzitsua ere betetzen duela ikusi da eta, gaur egun, eremu batzuei nahita ematen zaie su. Dena dela, kontu ematen jarraitu behar da, landare guztiek ez baitute suaren aurrean berdin erantzuten eta, beraz, suaren eragina baso batetik bestera oso desberdina baita.
Suaren onurak, bi hitzetan
Aurreko lerroetan esan bezala, landare batzuek hezetasun-maila txikia dute eta, beraz, suak errazago harrapatzen ditu. Baina naturak ez ditu gauzak erdizka egiten, eta landare horiei suari aurre egiteko mekanismo bereziak eman dizkie. Suak landare horietako batzuen azala besterik ez du erretzen eta, ondorioz, landareak sutetik irautea lortzen dute. Beste landare batzuk, berriz, espezieak iraun dezan, sua sumatu orduko hazia botatzen dute. Sua oso bizia izanagatik ere, hazia ez da erretzen eta, horrela, bi urteren buruan, naturaltasun osoz, landare berriek zaharrak ordezkatzen dituzte.
Koniferoetan ere badaude kasu ‘bitxiak’, Pinus banksiana espeziearena kasu. Pinu-mota horrentzat sua, onuragarria ez ezik, ugalketarako ezinbesteko elementua ere bada. Pinu horren haziak, gainontzeko pinuenak bezala, pinaburuan aurkitzen dira. Gertatzen dena da pinaburuak ireki eta hazia lurrera jausteko ezinbestekoa dela tenperatura oso altua. Harrigarria bada ere, tenperatura hori suteekin bakarrik lor daiteke.
Baina landareek ez ezik, hegazti harrapariek ere oso ongi dakite suteei etekin ona ateratzen. Hegazti horiek, sutea amaitu bezain laster, erretako bazterrak miatzen dituzte hil bai, baina kiskali ez diren suge, untxi, eta antzerako animaliak aurkitzeko. Horrela, batere zailtasunik gabe, otordu oparoak irabazten dituzte.
Aipatzekoa da, halaber, Melanophila kakalardoen kasua. Munduan Melanophila kakalardoen dozena bat espezie dago, eta guztiek suteetara jotzen dute kopulatu eta arrautzak jartzera. Sua ezin eutsizko erakarpen-indarra da kakalardoentzat eta urrutitik hurbiltzen dira bertara. Zuhaitz osasuntsuak kakalardo-larba fitofagoen —landare-substantziak janez elikatzen dena— aurkako defentsaz josita daude, eta pinu osasuntsuen lepotik bizitzea gogorra da. Horregatik, zuraz elikatzen diren intsektuek, orokorrean, nahiago dituzte gaixo dauden edo sufritzen ari diren zuhaitzak, defentsak urrituta dituztenak. Eta, aukeran, suak hil berri dituen zuhaitzak oso egokiak dira. Sutara iristeko 80 kilometroko bidea egiteko gai direla ere esan izan da. Multzoka iristen dira suaren ‘goxotasunean’ kopulatzera eta, sutea baretu ahala, kiskalitako zuhaitzen azalpean jartzen dituzte emeek arrautzak.
Argi dago, beraz, neurri gabeko suteak oso kaltegarriak izan badaitezke ere, sutea pasa ondoren gauza asko aldatzen direla, baina bizitza ez dela gelditzen. Hala ere, suteek alde ona izan dezaketela jakitea ez da bazterrak kiskaltzen hasteko arrazoia.
Urtero milioika hektarea baso erretzen daUrtero, milioika hektarea oihan erretzen da, eta aurreko lerroetan suteen onurak azpimarratu baditugu ere, ez dira baztertu behar suteek eragindako diru- zein giza kalteak. Ildo horretatik, kalteak ahal bezainbat gutxitzeko komeni da prebentzioaren arloa lantzea. Hona hemen Greenpeace-k basoetako suteen arazoa konpondu ahal izateko emandako hamar gomendio:
|
Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia