Standard berria
1989/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
1990.eko urtarrilaren batetik aurrera, uraren irakite-tenperatura 1 atm-tan ez da zehatz-mehatz 100ºC-koa izango. Jende askorentzat hau izango da duela gutxi Pisu eta Neurrien Nazioarteko Batzordeak hartutako erabakiaren ondoriorik ikusgarriena. Nazioarteko Tenperatur Eskala aldatu egin da. 1968.etik ona oinarrizko termometrian gertatutako aurrerakuntzek sortu dute aldaketa hau.
1954.etik hona Kelvina definitzeko uraren puntu hirukoitzari (hau da, ur likido, gaseoso eta solidoa orekan daudeneko puntu bakarrari) 273,16 K balioa eman zaio. Celsius tenperaturak definitzeko Kelvin balioari 273,15 kendu zaio. Definizio hauen arabera beste tenperaturen balioa finkatzeko, ur irakinarena barne, tresna termodinamikoak (hala nola, bolumen konstanteko gas-termometroa) erabili behar dira. Honelako termometroak erabiltzea lan neketsua da.
Bestalde, tenperatur aldaketak zehazki eta errepikatuz neurtzen dituzten beste tresna batzuk ere badira, nahiz eta termodinamikaren ikuspegitik erabat zehatzak izan ez. Nazioarteko Tenperatur Eskalaren helburua doitasuna eta errepikagarritasuna elkartzea izan da.
1927.ean ezarri zen Nazioarteko lehenengo Tenperatur Eskala eta 1948.ean eta 1968.ean berrikusia izan zen. ITS-90 eskala berria prozesu horren hurrengo urratsa da.
Gas-termometriatik at beste teknika batzuk ere (hala nola, espektro-erradiaziozko pirometria, erradiazio-kalorimetroa eta erresistoreen zarata elektrikoen neurketa) erabili dira.
Eskala berriaren arabera uraren irakite-puntu berria 99,975ºC-koa izango da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia