Soropila txernobilerako
1993/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Txernobilgo istripuaz gero sei urte igaro ondoren, inguruko lurrak erradioaktibitateak poluituta daude oraindik. Poluzio-maila jaitsi eta lur haiek lantzen hastea premiazkoa dute, eta horretarako, Frantziako Babes eta Segurtasun Nuklearrerako Institutuko (IPNS) ikerlariek teknika berria estreinatu dute.
Sistema funtsean, lurrean Agropyrum repens belarra ereitea da. Belar horrek soropila sortzen du, baina lurrazpian oso sare trinkoa osatuz. Elementu erradioaktibo kaltegarriak sustrai-sare trinko horretan kontzentratzen dira, hain zuzen. Soropila mekanikoki ebaki eta bildu egiten da zerrendatan, eta soropil hori kenduta lurra ia erradioelementurik gabe uzten da.
Teknika hau Txistogalovke eta Burakovka lurraldeetan probatu zen iazko ekainean, 1986.eko istripuaz gero utzitako soroetan. Agropyrum repens belarrak berez inbaditu zituen lurralde hauek, eta hazia ereiten ibili beharrik ez dute izan. Bost bat zentimetro lodiko soropil-zerrendak aterata, poluzioaren % 95, edo gehiago, kendu egin dute. Lur biluzietan zabaldutako disoluzio organikoak, haizearen higadurari kontra egiten dio.
Jasotako soropila tratatu, eta lurra nahiz landareak kendu ondoren pilatu egiten da. Sistema honen bidez Txernobil inguruan 60.000 hektarea tratatzea espero da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia