}

Soja: oraindik ezezagun?

2001/01/01 Lorenzo, Arantza | Uranga, Ane Miren Iturria: Elhuyar aldizkaria

Soja, mendebaldeko lurraldeetara duela gutxi iritsi den Asiako janari tradizionala dugu. Oraindik ere kontsumoa oso urria da eremu honetan.

Modu ezberdin askotara aurkezten zaigu: soja-hazia, soja-alea, soja-olioa, soja-lezitina, etab. Guztiek osagai berberak badituzte ere osagai horien kantitatean dago ezberdintasuna, guztietan aberatsena soja-alea izanik. Azken hau erabiltzen da nagusiki janari industrialen ekoizpenerako lehengai gisa, bere propietate teknologiko eta nutritiboak oso egokitzat hartzen direlako.

Soja-alearen % 35-40 inguru proteina da. Gainera gainerako lekek ez bezala, sufredun aminoazido (metionina, zisteina) kantitate handiak ditu, gure gorputzarentzat proteina osoa kontsideratu ahal izateko adina.

Sojaren % 20, berriz, koipeek osatzen dute. Soja-olioak esaterako giza gorputzarentzat esentzialak diren gantz-azido poliasegabeak ditu, azido linoleikoa eta linolenikoa, horregatik odoleko kolesterol-maila gutxitzeko propietatea du.

Karbohidratoak ere % 20 suposatzen dute eta gehienbat oligosakaridoak dira, nahiko zuntz eta almidoi-kantitate txiki bat eskainiz.

Soja-aleak dituen gatz mineralak, berriz, burdina (15,7 mg/100 g; haragiak baino bost aldiz gehiago), kaltzioa, fosforoa, potasioa eta magnesioa dira. Ez du ia sodiorik, beraz, oso gomendagarria da bihotz- edo tentsio-arazoak dituztenentzat.

Bitaminei dagokienez, B taldekoak ditu ugari: B1, B2 eta B6, baita E bitamina ere.

Bestalde, sojak ere baditu azkenaldian zenbait janaritan (landare-jatorrikoetan batik bat) aurkitzen ari diren elementu fitokimikoak. Hauek ez dira zehazki elikagai kontsideratzen, baina zenbait gaixotasun eta asalduratan babesle gisa funtzionatzen dute. Sojaren kasuan hauek dira nagusiak:

  • Isoflabonak: sojaren elementu ez-nutritibo garrantzitsuena. Sojak zehazki fitoestrogenoak ditu (landare-jatorriko hormona femeninoak). Estrogenoen efektuen antzekoak dituzte, baina ondorio desatseginik gabe: emakumeengan hormonen oreka mantentzen laguntzen dute, hilekoa erregulatu eta menopausiako asalduretatik babestuz.
  • Fitosterolak: landare-jatorriko kolesterolaren antzeko sustantziak dira. Janarien bitartez hartzen dugun kolesterola xurgatzea oztopatzen dute neurri batean, odolean horren igoera saihestuz.

Arrazoi horiengatik guztiengatik, pixkanaka gure dietan soja sartzea gomendatuko genuke. Aberatsena soja-alea denez, beste edozein lekaren antzera astean behin edo hamabostero platerkada bat jatea onuragarria genuke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia