}

Soinuak neuronen garapena baldintza dezake

2000/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Txoriak entzuten duenak, edo entzuten ez duenak, neurona sortu berrien garapena nolakoa izango den baldintza dezakeela dio Connecticut-eko ikertzaile-talde batek.

Txoriengan eta, duela gutxi frogatu zenez gizakiongan ere bai, helduaroan neurona berriak sortzen dira, baina gaitasun horrek izan ditzakeen aplikazioez baliatu ahal izateko neuronen bizitza eta heriotza ulertzea ezinbestekoa da. Ezagutza horretan aurrera egiteko txorien entzumena kontrolatzen duen garuneko gunea ikertu dute, edo hobeto esanda, gune horretako neuronen bizi-iraupena.

Horretarako zenbait txonta-ale gortu egin zituzten eta, ondoren, bai ale horiengan eta bai entzumen normaleko beste batzuengan, markatzaile erradioaktiboa txertatu zuten. Markatzailea neurona sortu berrietan agertzen zen eta horri esker, neurona horien garapen-prozesua jarraitu ahal izan zuten ikertzaileek. Ikerketaren emaitzen arabera, gortutako txoriengan neurona berri gutxiago sortu ziren, baina bizitza luzeagoa zutenak. Entzumenak beraz, badu eragina neuronen garapenean, nahiz eta oraindik gorreriak neuronen bizitza luzatzen duenik baieztatu ezin den.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia