}

Soinuak eta baleak

2002/10/30 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Estatu Batuetako NSF ( National Science Foundation ) erakundeari itsas hondoaren mapa egiteko proiektua etenarazi diote, erabiltzen duten metodologia baleentzat kaltegarria izan litekeelako.

Joan den irailean, bi bale mokodun hilda aurkitu zituzten Kaliforniako Golkoan, Mexikon. Handik ez oso urruti, Columbia Unibertsitateko bi itsasontzi soinuen bidezko ikerketak egiten ari ziren; aire-pistolak erabiliz, soinu-pultsuak eragiten zituzten hondorantz, eta jasotako oihartzunak hango erliebea nolakoa den jakiteko bidea ematen zien.

Biologo batzuek bi datu horiek lotu zituzten, hau da, baleak hil izana eta itsaspean eragindako soinua. Bien artean lotura dagoenik ez da begi-bistakoa, baina soinua itsaspeko ekosisteman perturbazio handia denik ez dago zalantzan jartzerik. Gainera, bale mokodunak ezin izan dira asko ikertu, ur sakonetan bizi baitira, eta zientzialariek ez dakite nolako eragina izan dezaketen horrelako perturbazioek espezie horiengan. Horregatik, eztabaida piztu zen; biologoek lan hori etetea eskatu zioten NSF erakundeari, eta eztabaida auzitegira eraman zuten.

Orain, epaimahaiak biologoen alde jotzea erabaki du, eta NSFk itsasontziari portura itzultzeko agindu behar izan dio. NSFko agintariak ez daude erabakiarekin ados, soinuen eta baleen artean loturarik dagoenik ez baita frogatu. Dena dela, biologoen eta hainbat talde ekologistaren arabera, itsasontziak ez zituen ingurumen-arloko baimen guztiak, Mexikoko uretan lan egiteko ere beharrezkoak zituen arren.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia