Softwarea polimeroentzat
1993/08/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Donostiako Kimika Fakultateko (UPV/EHU) Polimeroen Zientzia eta Teknologia Departamentuak eta Finlandiako Sofine Plastics Oy enpresak, polimeroak hautatzeko software bat osatu dute elkarlanean. Datu-baseak 6.000 termoplastiko, kautxu eta termoegonkor baino gehiago biltzen ditu eta Espainiako merkaturako egokituta dago, argibideak gaztelaniaz agertzen direlarik. Programa komertzial hau (polimero-ekoizleei eta, batez ere, transformatzaileei bideratutakoa da) Alemania, Frantzia eta Ingalaterran ere aurkezten da.
Programaren bi bertsio eskaintzen dira: Windows eta MS-DOS. Lehenengoarentzat Windows 3.1 sistemaren bertsioa eta 5 MB-eko tartea beharrezkoak dira; MS-DOS bertsioarentzat, berriz, 3 MB-ekoa. Software hau bi eratara erabili daiteke: polimeroaren izena ezagutuz beronen ezaugarriak jakiteko eta, halaber, ezaugarri berezi batzuk dituen polimeroa hautatzeko.
Aukera daitezkeen propietateak 40 baino gehiago dira; hauen artean propietate mekanikoak, dielektrikoak, termikoak, etab. Propietate hauek eskaintzeaz gain prozesaketa-metodoak, karga eta gehigarriak, produktuaren presentazioa, prezioa eta ekoizlearen helbidea ere eskaintzen ditu.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia