Elhuyar zientziaren komunikazioa

Software librea: programatzaileen paradisua

2002/07/01 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Software librea programak dohainik lortzearekin erlazionatzen dugu batik bat, baina askorentzat mugimendu berritzailea da informatikaren munduan.

Istorio honen hasiera 1984an kokatu behar da, eta Richard M. Stallman izeneko programatzaile estatubatuarra da bere protagonista. Software librearen asmatzailetzat hartzen da programatzaileen munduan.

Garai haietan, Stallmanek programazio-enpresa batean lan egiten zuen. Enpresako programatzaileen artean oso ohikoa zen iturburu-kodea agerian zuten programak trukatzea izan zitzaketen arazoak konpontzeko eta hobekuntzak sartzeko, eta Stallmanek ikusi zuen truke horrek onura handiak ekartzen zizkiola programen garapenari.

Enpresan sortu zen truke-sarea mundu osora zabalduko balitz, sortuko ziren programen garapena eta ideia-jarioa izugarria izan zitekeela iruditu zitzaion. Baina arazo handi bat zeukan aurrean: ohiko programek iturburu-kodea ezkutuan daukate, merkataritza sekretutzat hartzen baita eta ezin baita programa horretatik ezer eraldatu. Stallmanen iritziz, horrekin ideien jarioa mugatzea besterik ez da lortzen. Beraz, iturburu-kodea agerian duen softwarea, hau da, software librea, bere kabuz eraikitzen hasi zen Stallman.

Software librea eta Linux

Lehenik eta behin, sistema eragile guztiz librea eraikitzen hasi zen Unix sistema eragilea oinarritzat hartuta. Proiektuari GNU izena eman zion eta, aldi berean, software librea bultzatzeko Free Software Foundation deritzon fundazioa sortu zuen. Linus Torvald-ek Linux deitu zuen iturburu-kodea sistema eragile horretara batzean, gaur egun Linux sistema eragiletzat hartzen dena sortu zen. Hala ere, kontuz, benetako izena GNU/Linux sistema eragilea da, eta Linux iturburu-kodea baino ez da.

Gaur egun, sistema eragile hori mundu osoan famatu egin da, gehienbat software librea delako. Edozeinek eskura dezake programa Internetetik, eta bakoitzak bere erara manipulatu. Software librearen definizioa guztiz betetzen du: erabiltzaileak exekuta, kopia, bana, iker, alda eta hobe dezakeen programa bat da.

Azken finean, hori izan da GNU/Linux-en arrakasta nagusia. Programaren iturburu-kodea agerian dagoenez, bere funtzionamendu osoa azter daiteke, eta bakoitzaren beharretara moldatu. Gainera, akatsik egonez gero, bakoitzak konpon ditzake eta ideia berriak izanez gero, aplikatu. Programa software librea denez, gerora egiten diren hobekuntzekin lortzen den programaren bertsioa ere librea da, beraz, GNU/Linux erabiltzen duten beste guztiak hobekuntza horietaz baliatu ahal dira eta aurretik izan zitzakeen akatsak eta arazoak zuzendu. Horrekin programa oso dinamikoa lortzen da, momentuko arazoak gainditzeko gaitasuna duena, eta, diotenez, oso segurua.

Hori guztia, noski, orain dela ia hogei urte hasitako proiektu batetik abiatuta lortu da. GNU/Linux sistema eragileak izan duen arrakastak beste programa libre gehiago agertzea ahalbidetu du, eta software librea bultzatzen duen mugimendua ezagutaraztea.

Errentagarritasunari begira

Richard M. Stallman.

Software librearen aurka dauden enpresek diote mugimendua jabetza intelektualaren aurka doala eta diru-galtze izugarria izan daitekeela, Internetetik dohainik lortu ahal den programa batek ez baitio egileari inongo irabazirik ekartzen. Hala ere, Stallmanek berak argi utzi nahi du software librea izateak ez duela esan nahi errentagarria ez denik. Programa libre bat sortzen duen edozein libre da programa hori saltzeko, libre izaten jarraitzen duen bitartean. Baina nork erosiko du programa, Internetetik dohainik jaitsi badaiteke? Software librea egiten duten programatzaileek ez dute diru askorik irabazten programak saltzetik, baina bai aplikazio espezifikoetatik.

Programak enpresen beharretara moldatuz, mantentze-zerbitzuekin edota material osagarrien salmentarekin (eskuliburuak, luxuzko edizioak) lor daiteke dirua. Baita enpresek programa espezifikoak garatzeko eman ditzaketen diru-laguntzekin ere.

Fundaziokoen ustez, software librearen filosofia eta onura denak ezagutzean, gero eta enpresa gehiago egongo dira programa horietan interesatuta, eta diru gehiago inbertituko da libreak diren programak garatzeko.

Informazio gehiagorako:
www.gnu.org
www.fsfeurope.org

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia