'Soberan' ditugun zatien auzia
2008/06/15 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia
Egia esan, eztabaida handia dago hori ikertzen dutenen artean; batzuek uste dute nolabait immunitate-sisteman laguntzen duela, eta hesteetako bakterioen babeslekua dela, eta besteek, berriz, ez dute uste inongo funtzio garrantzitsurik duenik.
Noski, gorputz-atal baten funtzioa zein den ez jakiteak ez du esan nahi funtziorik ez duenik. Litekeena da gure ezjakintasunaren ondorioa izatea. Baina batzuek uste dute gorputz-atal batzuek benetan galdu dutela garai batean zuten funtzioa, edo inoiz ez dutela funtzio jakinik izan.
Historian zehar askotan aldatu da gorputz-adar bestigialei (hala deritze funtzio ezagunik edo argirik ez dutenei) buruzko iritzia. 1893. urtean, adibidez, Robert Wiedersheim izeneko anatomista alemaniarrak 86 giza bestigio izendatu zituen. Harrezkero, askotan luzatu eta murriztu dute zerrenda. Gaur egun, eztabaida handiegia da horrelako zerrenda bat egitea pentsatzeko.
Noski, 1893tik hona gauza berri asko ikasi ditugu giza anatomiari buruz, eta garai batean bestigialtzat jotzen zituzten hainbat gorputz-zatik funtzio ezagun bat dute orain: adibidez, zainek zeharka dituzten balbulek. Balbula horiek gorputz-adarretatik bihotzera doan odolak atzera egitea saihesten dute. Wiedersheimek, ordea, ez zekien funtzio hori zutenik, eta horregatik sartu zituen bere zerrendan.
Zergatik ez dira galdu?
Galdera hori bati baino gehiagori pasako zitzaion burutik: zergatik ez dira galdu eboluzioan ezertarako ez ditugun gorputz-zatiak? 'Normalena' galtzea litzateke, ezta? Bada, ez. Eboluzioak hautespen naturalaren bidez egiten du aurrera, hautespen naturalaren bidez lekuan lekuko kondizioetara hobekien moldatuta daudenek egiten dute aurrera, haien gorputz-atalak barne.
Baina ingurura hobeki edo okerrago moldatuta egotean eraginik ez duten gorputz-adarrak hautespen naturalaren eraginetik kanpo gelditzen dira; hortaz, nahierara eboluzionatzen dute, eta ez dute desagertu beharrik, kalterik, behintzat, ez baitute eragiten.
Askotan, zientzialariek jakin nahi izaten dute gorputz-atal horiek berez diren funtziorik gabeak, edo denboran zehar galdu duten garai batean izan zutena. Adibidez, inork ez du zalantzan jartzen gizonezkoen titiburuak betidanik izan direla funtziorik gabeak.
Oilo-ipurdia jartzea, berriz, bestigialtzat jotzen da. Ilea, lumak edo arantzak dituzten odol beroko animalietan, ile, luma edo arantza bakoitzaren folikulua uzkurtzen denean tente jartzen dira, eta, hala, inguruko haize hotzaren aurka babesten dute larruazala, ileen edo lumen artean aire beroz eratutako geruza bat eratzen baitute; edo diren baino handiagoak direla erakusten dute harraparien aurrean. Gizakiaren ile-kantitatea, ordea, txikiegia da, bai funtzio baterako eta bai besterako; hortaz, oilo-ipurdia jartzeak galdu egin du beste animalietan duen funtzionaltasuna.
Hala ere, hain garrantzitsua ez den funtzio bat hartu duela diote batzuek: orain, batez ere sentimenduekin lotu ohi dugu, hunkitzen garenean jarri ohi zaigu eta oilo-ipurdia. Beraz, ingurukoekin komunikatzeko bide izatera pasatu da. Korapilatsua da, benetan, horrelako gaietan bueltaka hastea.
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia