Sistema elektrokimikoaren nondik norakoak
1998/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Industria-arloan ebaketa-emultsio izenez ezagutzen diren ebaketa-fluidoak, gehienbat piezen mekanizazioan, fresaketan eta estrusioan erabiltzen dira. Helburua, jakina, ebaketa-hortzek piezari hozka egitean sortzen diren tenperatura altuek ez dezatela mekanizatu behar diren piezen oxidazioa edo tenplea galtzea eragin. Ezaguna denez, industria-munduan maiz erabiltzen dira ebaketa-emultsioak. Horiek, olioa eta uraren nahasketa izaten dira, aditibo organiko zein ez-organiko batzuk erantsita. Aditiboen zeregina, denboraren eta lan- -baldintzen eraginez emultsioak kalitatea galtzea eragoztea da.
Esandakoa kontuan hartuta, argi dago emultsioek ingurugiroari begira arazo ugari sor ditzaketela, emultsioak ibaietara edo itsasora isurtzen direnean emultsioa puskatu egiten delako, ur-azala landare eta animalientzat oso kaltegarria den olio-geruza batekin estaliz.
Gainera, aditibo batzuk berez dira toxikoak. Hortxe, beraz, arazoa. Ebaketa-emultsio mota asko dagoen arren, ekoizleak adina ziuraski, oinarrian hiru multzotan bil daitezke: ebaketa-emultsio mineralak, erdi-sintetikoak eta sintetikoak. Ebaketa-emultsio mota bakoitzeko, hondakinak tratatzeko sistema eta bide ezberdinak erabili izan dira orain artean, bere alde on eta txarrekin. Inasmet-ek, eta berarekin batera lanean aritu diren enpresek, sortutako sistemaren berrikuntzarik nabarmenetariko bat horretan dago: edozein ebaketa-emultsiorekin erabil daiteke. Eta hori garrantzitsua da.
Izan ere, hondakinen tratamenduan lanean ari diren enpresek zuzenean jasotzen dituzte hondakinak lantegi askotatik, sarritan erabili den ebaketa-emultsio bera ezagutu gabe, nahastuta dagoen edo ez jakin gabe. Beste askotan Transfer izeneko enpresetatik ere iristen dira hondakinak, bildu, denbora batez gorde, eta kopuru jakin batera iritsi eta gero. Hori ikusita, argi dago tratamendu osoa egin dezakeen sistema baten aurkikuntzak eragin handia izan dezakeela industrian orokorrean eta hondakin-industrian zuzenago.
Inasmet-en garatu den prozesu elektrokimikoak honela funtzionatzen du: Tratamendua behar duen hondakina zelula-elektrokimiko batean sartzen da, 1. fasea. Intentsitate baxuko korronte baten bidez emultsioa puskatzen da.
Ondoren, dekantazio-tangara pasatzen da. Hor, bigarren aldiz emultsioa puskatzeko gaitasuna duen erreaktibo bat eransten zaio eta pH-a doitu egiten da olioa eta ura ahalik eta ondoen bereizteko. Hori eginda, olioa tanga batean biltzen da eta ura beste batean tratamenduarekin jarraitu ahal izateko. Ura tangatik erreaktore batera pasarazten da, ponpaketa bidez, elektroxidazioa ahalbideratuko duen erreaktiboa eransteko. Azkenik, zelula-elektrokimikora sartzen da berriro, 2. fasera, intentsitate egokiko korronte baten bidez elektroxidazioa eraginez. Prozesuaren azken bi operazioetan, lohi solidoak ere sortzen dira. Horiek jasotzeko, erreaktoreetan purgadoreak jartzen dira, sortu ahala prozesutik bereiz daitezen.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia