}

Sexu-kromosomen aurka

2014/09/29 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

XX badu, neska; XY badu, mutila. Erraza da, errazegia. Egia da, Y kromosomarik gabe, enbrioia eme bilakatuko dela; hau da, jaio berriak neska-itxura izango du. Eta Y kromosoma badu, berriz, enbrioia ar bilakatuko da, eta jaio berriak mutil-itxura izango du, barrabilak eta zakila izango baititu. Hain justu, barrabilak eta zakila garatzeko beharrezkoak diren geneak ditu Y kromosomak. Zehazki, SYR genea da barrabilak garatzeko giltza, eta hark pizten ditu baita gizonezkoen ezaugarri fisikoekin lotutako beste gene asko ere.

Alabaina, gauzak ez dira beti hain errazak. Adibidez, gerta liteke kromosometan geneak nahastea, eta, adibidez, bi X kromosoma dituen pertsona batek gizonezko-itxura izatea, SYR genea lekuz mugitu delako X kromosometako batera (translokazioa deitzen zaio geneak lekuz aldatzeari). Pertsona hori antzua izango da, ez dituelako ar ugalkorra izateko behar dituen beste gene batzuk bere kromosometan, baina, bestela ere, bere itxura fisikoa ez dator bat kromosomek “agintzen” dutenarekin.

Eta hori adibide bat baino ez da; XX-emea/XY-ar sailkapen-sistema sinpleegia dela erakusten duten beste asko daude. Esaterako, sexu-kromosomek diotena eta itxura fisikoa bat etorrita ere, gerta daiteke garunak beste zerbait esatea; edo jaio berria hermafrodita izatea...

Kasu horiek guztiak aintzat hartuta, badu zentzurik sexu-kromosoma izendapenak? Ezezkoan dago Sarah Richardson. Historialaria eta zientzia-filosofoa da, eta, haren ustez, ez da zuzena X-ri kromosoma emea eta Y-ri kromosoma arra deitzea. Ez da zuzena, eta, gainera errazkeria da. Kromosomek ez baitute hainbeste “agintzen”, eta kontua ez baita hain erraza.

Berria egunkarian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia