}

Sekula sekuentziatutako proteina zaharrena

2009/05/07 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia

AEBko ikertzaile-talde batek sekula sekuentziatu den proteinarik zaharrena sekuentziatzea lortu du: duela 80 milioi urte bizi izan zen hadrosauro baten ehun konektiboko kolagenoa, hain zuzen. Proteina horren zortzi zati sekuentziatu dituzte.

Horretarako, Brachylophosaurus canadensis espezieko hadrosauro baten femur-lagin bat erabili dute. Femur-lagin hori hareharrian txertatuta dago, eta hala eraman dute laborategira, poluzioak emaitzetan eraginik izan ez dezan.

Laborategian, eskaneatzeko mikroskopio elektronikoa erabili dute, ehunaren itxura eta egitura aztertzeko, eta masa-espektroskopiaren teknika, berriz, ehuneko proteinak identifikatzeko. Hala, ikusi dute hadrosauroaren fosil horrek kolagenoa duela, eta kolageno horrek txorien kolagenoaren antzeko aminoazidoak dituela. Emaitza horrek dinosauroen eta txorien arteko eboluzioan dagoen harreman estua sendotzen du. Science aldizkarian eman dute aurkikuntzaren berri.

Irudia: Mary H. Schweitzer

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia