}

Sasi-diamanteak

2001/05/17 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Aste honetako Nature aldizkarian, diamantearen antzeko ezaugarriak dituen materiala egiteko metodo merke baten berri eman da. Propietateak berdinak ez badira ere, erabilera industrial askotarako baliagarria da.

Diamante sintetikoa komertzialki egiteko presio altuak, lurrun kimikoa hauspeatzea eta shock-uhin prozesuak konbinatzen dira. Baina oso metodo garestia denez, gutxitan egiten da. Azkenaldian beste metodo batzuk azaldu diren arren, adibidez, plasma-aktibazioa, aitzindari exotikoak edo nahaste leherkorrak erabiltzen dituztenak, emaitzak ez dira oso onak izan, bolumen txikietara edo geruza mehetara mugatuta daudelako.

Diamante-egitura.

Filadelfiako Drexel Unibertsitateko eta Illinoisko Unibertsitateko ikertzaileek asmatutako metodo kimikoaren bidez lortutako sasi-diamanteak, ordea, itxaropena pizten duten ezaugarri mekanikoak ditu. Horretarako, silizio karburotik silizioa ateratzen dute, kloroa duen gasa eta 1.000 C-ko tenperaturak konbinatuz. Tenperatura hori ez da oso altua eta, gainera, ez da presio alturik erabiltzen. Gas-nahastean dagoen hidrogenoari esker, silizio karburoa diamante-egitura duen karbono alotropiko bihurtzen da. Kristalaren bataz besteko neurria 5-10 nm bitartekoa da. Erreakzio zinetiko linealak edozein sakoneran egiten du aldaketa, beraz silizio karburozko lagina osorik bihurtzen da diamante-egitura duen material. Gainera, lortutako material berria porotsua da eta elektrizitatea eroateko gaitasuna du.

Diamante-egitura duten karbonozko geruza nanokristalinoek erabilera ugari izan ditzakete industrian, esate baterako, balazta-zapatentzako estalki oso gogorrak egiteko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia