Sakanako gazteen STEAM diagnosia aurkeztu da
2024/11/22 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)
Eskualdean egin berri den gazteen STEAM diagnosiaren emaitzek erakutsi dute baxua dela gazteek arlo hauetan lan egiteko duten interesa
Joseba Aldasoro Galan, Elhuyar STEAM Hezkuntzako teknikariak, “Sakanako gazteen STEAM diagnosia”-ren berri eman du Altsasuko Iortia Kultur-etxean egin den aurkezpen-ekitaldian. Bertan izan da ere Sakana Garapen Agentziako teknikaria, Odei Arregi Aizpitarte.
Eskualdeko 14 eta 16 urte bitarteko gazteek STEM arloen inguruan duten autopertzepzioa ezagutzeko asmoz egin da. Gainera, neska eta mutilen artean dauden desberdintasunak eta eskualdeko industriari buruz duten ezagutza aztertu dira. Etxarri Aranatzeko Andra Mari Ikastolako eta Altsasuko Altsasu BHIko, Iñigo Aritza Ikastolako eta Korazonistak ikastetxeko 14 eta 16 urte bitarteko ikasleek osatu dute galdetegia.
Hauek dira emaitzen azterketatik ateratako ondorio nagusiak:
- Esan dezakegu genero-estereotipo tradizionalek eragina dutela gazteek zenbait gairen inguruan duten interesean. Hala, neskei gehien interesatzen zien gaia genero-berdintasuna da; ondoren, antzeko interes-maila adierazi dute osasunarekin, gai sozialekin elikadurarekin eta kirolarekin lotutako gaietan. Aldiz, mutilei gehien interesatzen zaien gaia kirola da; ondoren, elikadura, gai sozialak eta, zientzia eta teknologia aipatu dituzte, interes-maila beretsuarekin.
- Ikasgaiekiko interes-maila baxua da, oro har. Neskek Biologian (5,7) dute interesik handiena eta antzeko interesa azaldu dute Historian (5,6), Artean (5,3) eta Kimikan (5,2); mutilei, berriz, Teknologia (6,5) eta Historia (6,1) dira gehien interesatzen zaizkien ikasgaiak, eta, antzeko interesa adierazi dute honako ikasgai hauei buruz: Fisika (5,5) Informatika (5,5) eta Matematika (5,5). Hala, STEM ikasgaiak gazteek ondoen baloratzen dituzten ikasgaien artean daude, baina teknologia eta informatika ez dira aipatzen neskek gehien baloratzen dituzten irakasgaien artean.
- Etorkizunean STEM arloan lan egiteari dagokionez, neskek eta mutilek gaitasun-maila oso desberdina hautematen dute: nesken % 28,4k eta mutilen % 56,3k gai ikusten dute beren burua sektore horretan lan egiteko. Desberdintasuna nabaria da etorkizunean STEM arloan lan egiteko azaldu duten interesarekin ere: nesken % 22,1ek eta mutilen % 39,6k adierazi dute etorkizunean STEM arloan jardutea gustatuko litzaiekeela.
- Zenbait ikasgairekiko eta etorkizunean STEM arloan lan egiteko azaldu duten interesa guztiz erlazionatuta dago ikasgai horiek ikasteko eta etorkizunean STEM arloan jarduteko izango duten gaitasunaren autopertzepzioarekin.
- Ez da berdin-berdina neskek eta mutilek STEM profesionalen bizimoduari buruz duten ikuspuntua. Mutilek neskek baino zertxobait hobeto baloratu dute STEM profesionalen bizimodua (6,5 eta 5,7, hurrenez hurren).
- Gazteek uste dute STEM profesionalak pertsona jakintsuak, langileak, ekintzaileak argiak eta atseginak direla. Ezaugarri horietako batzuk ikasle onak deskribatzeko ohiko adjektiboak dira, eta STEM profesionalen irudi estereotipatu horiek gazte asko urruntzen dituzte arlo hauetako ikasketa eta lanpostuetatik.
- Zenbait gairi buruz gazteek azaldu duten interesarekin gertatzen den bezala, genero-estereotipoek eragina dute etorkizuneko lanbideak hautatzerakoan. Neskek osasun- eta gizarte-zientziekin erlazionatutako lanbideak hautatu dituzte gehienbat: irakaslea, haur hezitzailea, medikua, psikologoa, artea, kirola…; Mutilek, berriz, teknologiari eta kirolari lotutako lanbideak ere hautatu dituzte gehien interesatzen zaizkien lanbideen artean: ingeniaria, irakaslea, fisioterapeuta, kirola…
- Gazteen laurden batek, gutxi gorabehera, adierazi dute ez dutela ezagutzen zein den Sakanan egiten den jarduna; gainontzeko % 75ek nahiko argi dute eskualdean egiten den lana, industriarekin eta metalurgiarekin erlazionatu baitute.
- Alde nabaria dago neskek eta mutilek erabili dituzten hitzen konnotazioaren artean, etorkizunean Sakanako zientzia eta teknologia arloko industrian edo antzeko lantokiren batean lan egiteak iradokitzen diena adierazteko. Neskek konnotazio negatiboko hitz gehiago adierazi dituzte eta mutilek hobeto baloratu dute etorkizunean eskualdean STEM arloko lanpostuetan jarduteko ideia.
- Zientzia eta teknologian jarduten duten emakumeen eta gizonen lan-baldintzei buruzko ikuspegia oso desberdina da nesken eta mutilen artean. Nesken % 46,3k uste dute STEM arloan jarduten duten emakume eta gizonek lan baldintza desberdinetan lan egiten dutela; aldiz, mutilen artean % 13,5 dira zientzia eta teknologian jarduten duten emakumeek eta gizonek lan-baldintza desberdinak dituztela uste dutenak.
- Ikuspegi orokorra eta Sakanakoa alderatuta, neskek ikuspuntu askoz baikorragoa dute eskualdeko zientzia eta teknologia arloko enpresetako genero-berdintasunaren inguruan. Nesken % 32,6k, uste dute Sakanan STEM arloan jarduten duten emakume eta gizonek baldintza desberdinetan lan egiten dutela.
- Gazteen % 40k, gutxi gorabehera, pentsatzen dute ikerketa zientifikoek eta asmakuntza teknologikoek gizartearentzat dituzten onurak eta kalteak orekatuak daudela. Beraz, lan handia dago egiteke ikerkuntza eta berrikuntza arduratsuaren alde, STEMekiko komunitate aktiboa eta gizarte kritikoago bat lortzeko.
Galdetegiaren emaitza guztiak txosten eta bideo honetan bildu dira.
Euskal Herriko STEAM diagnosien mapa zabaltzen
Sakanako gazteen STEAM Diagnosia Elhuyarrek egin duen hamargarren azterketa izan da; Nafarroako lehenengoa. 2018an, Debabarreneko gazteen arteko diagnosia egin zen; 2020an, Tolosaldean, Bilbon eta Txorierrin; 2021ean, Debagoienean, Nerbioi-Ibaizabalen eta Laudion; 2022an, Goierriko eskualdean; eta 2023an, Donostialdean. Horrela, pixkana, Euskal Herriko mapa osatuko dugu.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia