}

Saiek ez dituzte ikusten aurrean dituzten oztopoak

2012/03/22 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

saiek-ez-dituzte-aurrean-dituzten-oztopoak-ikusten
Saien bekain handiek eguzkitik babesten dituzte begiak, baina hegan doazenean aurrean dutenarekiko itsu uzten ditu horrek. - Arg. certifiable.nl/CC BY-ND

Ikusmen zorrotzenetakoa duten animaliak diren arren, saiek ez dute ikusten aurrean dutena hegan janari bila dabiltzanean. Horrek azal lezake, neurri batean behintzat, zergatik jotzen dituzten sarri haize-erroten edo elektrizitate-dorreen gisako egiturak.

Erresuma Batuko ikertzaileek Ibis aldizkarian argitaratu duten ikerketan sai arreen (Gyps fulvus) eta sai afrikarren (Gyps africanus) ikus-eremua aztertu dute. Ikertzaileek ikusi dute saiek, duten ikus-eremu handiari esker, hegan dabiltzanean lur-eremu zabalak ikus ditzaketela, eta baita alde batean edo bestean hegan dabiltzan gainerako saiak ere. Baina buruaren gainaldean eta behealdean puntu itsu handiak ere badituztela ikusi dute, eta janari bila dabiltzanean burua beherantz dutela egiten dutenez hegan, aurrean dutenarekiko itsu gelditzen direla ondorioztatu dute.

Ikertzaileen esanean, eguzkiaren argiak trabarik ez egiteko moldaera da puntu itsu handi hori. Hain zuzen ere, bekain handiek eguzkitik babesten dituzte saiaren begiak, eta horri esker askoz hobeto ikus dezakete lurrean dagoena. Bestalde, alboetako ikusmena ona izatea ere garrantzitsua da saientzat, taldean ibili ohi baitira, eta garrantzitsua da taldekideek zer egiten duten ikustea, janaririk aurkitu duten, esaterako. Aitzitik, oztopo handirik gabeko lurretan eboluzionatu dute hegazti hauek, eta, ondorioz, garatutako moldaerok ez diete laguntzen haize-errotak saihesten.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia