
Urpekariek azalera azkarregi ateraz gero izan ohi duten arazo bera eragiten dute aerosorgailuek saguzarretan: biriketako barotraumatismoa. Presioa azkarregi jaisten da, eta, horren ondorioz, biriketan izan ohi duten airea hedatu egiten da, eta biriketako albeoloek eztanda egiten dute. Albeoloak lehertzean sortzen den odoljarioak akabatzen ditu, bai urpekariak, bai saguzarrak.
Ondorio horretara iritsi da Kanadako Calgaru Unibertsitateko ikertzaile bat, parke eolikoetan hildako 75 saguzarri disekzioa eginda. Antza denez, aerosorgailuen hegalek presio-jaitsiera handia eragiten dute mugitzean, eta saguzarren bat hegaletatik hurbil badabil, aipatutako birika-leherketa eragiten dio presio-aldaketak.
Aspaldi zebiltzan zientzialariak jakin nahian nola hiltzen diren saguzarrak parke eolikoetan. Izan ere, saguzarrek errazago antzematen diete mugitzen ari diren hegalei geldirik daudenei baino, duten sonarrari esker. Hortaz, oso gutxi hiltzen dira hegalen kontra jota (hildako saguzar gehienek ez dute kanpoko zauririk izaten).
Lakar Iraizoz, Oihane
Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.