}

Saguzar hatzluzearen arrantza, kamerak harrapatuta

2011/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Saguzar hatzluzearen arrantza, kamerak harrapatuta
2011/01/01 | Elhuyar
Saguzar hatzluzea arrantzan. Arg.: Joxerra Aihartza.

Saguzar hatzluzeak naturan nola ehizatzen duen ikustea eta grabatzea lortu da lehenbizikoz. Myotis capaccinii espezie mediterranearraren dieta-ohiturak bitxiak dira oso. Europan intsektujaletzat zituzten saguzar guztiak, baina, 2003an espezie honen dieta-analisiak egiten ari zirela, hatzluzea arrantzalea zela egiaztatu zuten: haren gorotzetan arrainen ornoak eta ezkatak agertu ziren.

Valentziako hainbat lankiderekin duen harremanari esker, EHUko ikertzaile-talde batek aurkikuntza harrigarri hartan parte hartzeko aukera izan zuen. Valentzian ez ezik, Italian eta Palestinan ere beste horrenbeste ikusi zuten gerora. 2005ean, kaiola moduko denda batean esperimentu bat egin zuten, eta orduan frogatu zuten saguzar horiek arrain biziak harrapatu eta jateko gai zirela. Orain, berriz, bere ingurunean ere hori bera egiten duela ikusi dute ikertzaileek: abiadura handiko bideoz eta infragorri bidez, ehiza-jarduera grabatzeko aukera izan dute.

Berez, saguzar hauen dietaren oinarria ur-azalean dauden intsektuak dira. Baina, EHUko ikertzaileek diotenez, badago jokamolde arrainjalea azaltzeko arrazoi ekologiko bat: "putzuak lehortzen ari direnean eta arrainak ur-azalean kontzentratzen direnean, baliabide hori eskuragarri bihurtzen da, eta ustiatu egiten dute".

1
271
2011
1
007
Zoologia
Albisteak
12

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia