}

Sabana afrikarra, ugaztunen paradisua

1993/05/01 Arturo Elosegi Irurtia - Ekologiako katedradunaZientzia eta Teknologia Fakultatea. EHU Iturria: Elhuyar aldizkaria

Mundu osoan, klima desberdinetan hedatu diren formazio belarkarak (estepak, larrediak eta sabanak) oso aberatsak izan ohi dira ugaztun-faunaren aldetik. Hauetan famatuena, Afrikako ekialdeko sabana da, zalantzarik gabe. Ospe honek oinarri sendoa du; bertan baitago munduko ungulatu-biomasa eta -dibertsitaterik handiena, eta aldi berean, ungulatu hauen ehiztari diren hainbat karnibororena ere bai. Zerk eragiten du horren biomasa altua, eta nola manten daiteke horrenbeste espezie batera? Ikusiko dugunez, sabana hauen funtzionamenduan animaliok berebiziko garrantzia dute, eta itxuraz nahikoa homogeneo den ekosistema honetan espezie asko bizi daiteke, bai dieta eta bai ugal estrategien aldetik, lorturiko espezializazio-maila altuari esker.

Sabanaren ezaugarriak eta sabana-motak

Sabana oihan tropikal eta basamortuen arteko trantsizio-formazioa dela esan genezake. Euria oihana sortzeko adinakoa ez, baina basamortuetakoa baino altuagoa deneko lekuetan, tarteka zuhaitzak direneko komunitate belarkarak nagusitzen dira tropiko osoan zehar. Afrikan formazio hauei sabana deritze. 500 eta 1.500 mm bitarteko prezipitazioak dituzten lurraldeetan eratu ohi dira, baina bestelako faktoreek ere badute eragina. Hainbat ibai eta lakuren ertzetan, nahiz eta prezipitazio gutxi izan, oihana nagusitzen da, eta beste hainbat eremutan, lurzoruen gazitasuna dela eta, basamortua topa genezake.

Normalean, prezipitazio-kopurua zenbat eta altuagoa izan hainbat eta zuhaitz gehiago topatuko ditugu sabanan. Eskualde tropikalean gaudenez, ez dago uda eta negurik. Bai ordea urtesasoi lehor eta hezea. Komunitate hauen fenologia, ondorioz, hezetasun-mailak kontrolatzen du. Urtesasoi hauek desberdinak dira leku batetik bestera, baina patroi normala lauzpabost hilabeteko euri-sasoia, eta zazpiko sasoi lehorra (batzuetan euri-sasoi txiki batez erdibitua) izan daiteke.

Prezipitazioez gain, sabanaren dinamikan badaude garrantzi nagusia duten beste bi faktore, hala nola suteak eta herbiboroak. Suteak berezko fenomenoak dira, nahiz eta neurri handi batean aspaldidanik gizakiak kontrolatuta egon. Urtesasoi lehorrean gertatu ohi dira, eta materia organikoa azkar mineralizatu, eta lurzorua ongarritu egiten dute. Halaber, zuhaitzen hedapena murriztu egiten dute, belarkaren nagusitasuna bultzatuz.

Sabanako ungulatuen biomasa eta dibertsitatea oso altuak dira. Serengeti parkean, esate baterako, milio bat ñu bizi da, 200.000 km2-ko eremutan migratzen dutelarik.

Herbiboroen papera antzekoa da, zuhaitzen kontrolari dagokionez behinik behin. Herbiboro garrantzitsuenak termitak eta ugaztun ungulatuak ditugu. Sabana afrikarrak hainbat milioi urte daramatza baldintza nahikoa klimatiko konstantetan, eta ondorioz, ungulatu-fauna asko dibertsifikatu da, oso moldaera bereziak lortu dituztelarik.

Sabanen tipologia nahi adina konplika daiteke, baina gainbegirada bat emanez sabana belarkarak eta sabana arantzadunak bereiz genitzake. Azken hauek oihan ertzetan egoten dira gehienbat, bertan sastraka arantzadunak (maiz Acacia jenerokoak, baina beste hainbat landare-jenero ere bai) nagusi direlarik. Beste bereizketa posible bat, Afrikako mendebaldeko eta ekialdeko sabanen artekoa izango litzateke. Hain zuzen, Afrikako mendebaldeko lurzoruak oso zaharrak dira, eta beren historia luzean hagitz garbituta eta txirotuta geratu dira. Bertan ekoizpena ez da oso altua, eta landare nagusi gramineo luzeak izan ohi dira. Belar hauek hiru metroko altuera izan dezakete, eta liserigarritasuna murrizteko mekanismo konplexuez babestuta daude.

Elefanteak bere neurriei esker (3 tona inguru), dieta zabala eta kalitate baxukoa aprobetxa dezake.

Besteak beste, zelula epidermikoetan dituzten silize-kristalak aipa genitzake; guztiz liserigaitzak izateaz gain ugaztunen hortzadura oso azkar higarazten dutenak. Guzti hau dela eta, Afrikar mendebaldeko sabanetako herbiboro nagusi termitak dira, ugaztunak nahikoa urri izanik. Afrikako ekialdean egoera guztiz bestelakoa da. Hemen, Rift haranaren zabalpena dela eta, bolkanismoa nahikoa garrantzitsua izan da (gogoratu Kilimanjaro, Kenia, eta beste hainbat mendi sumendi direla), eta horren ondorioz, errautsez eratutako lurzoru gazteak ditugu nagusi. Bertan belarra baxuagoa izan ohi da, eta askoz ere liserigarriagoa. Ekoizpen primarioaren zati handiena herbiboro ornodunek eskuratzen dute, bertan munduko ugaztun handien biomasa eta dibertsitate altuena dagoelarik. Komunitate hauen funtzionamendua da segidan aztertuko duguna.

Sabanetako ugaztunak

Esan bezala, sabana hauetako ugaztunen komunitateak oso aberatsak dira. Herbiboroen artean elefantea, errinozerontea, jirafa, bufaloa eta zebra dira ezagunenetarikoak. Hala ere, sabanetan gehien dibertsifikatu den taldea antilopeena da. Ugariena, ehundaka mila aleko taldeetan migratzen duen ñua izan ohi da, baina badaude sedentario diren beste espezie asko (elanda, topia, kongonia, koba, kudua, niala, pongoa, etab.). Txikiagoak dira inpalak, eta hainbat gazela-espezie (Grant, Thompson, Dorcas, Speke, dama, etab.); batzuk migratzaile eta beste asko ez. Antilope txikienen artean oribia, klipspringerra, bushbucka, duikerra eta azkenik, dikdikak ditugu.

Bere altuerari esker (5 m) jirafak ez du lehiakide gogorrik alatzaileen artean.

Herbiboro guzti hauez gain, noski, badago hainbat karniboro espezie, hala nola lehoia, leopardoa, gepardoa, hiena, likaoia, txakalak, azeriak, etab. Beraz, espezie asko eta oso neurri desberdinekoak (4 eta 5.000 kg bitartekoak) bizi dira leku berean. Nola da posible itxuraz hain homogeneo den lekuan horrelako aberastasuna egotea? Ikusiko dugunez, espezie guzti hauen artean bai dieta eta bai ekoetologiaren aldetik dauden berezitasunek ematen dute aukera hori.

Herbiboroak

Herbiboroen artean bereizketa nagusia habitat, dieta eta migratzeko joeraren arabera gertatzen da. Lehenik eta behin esan beharra dago herbiboro baten dieta animalia horren neurriarekin zuzenean lotuta dagoela. Zenbat eta handiagoa izan, hainbat eta heste luzeagoa edukiko du, orduan eta denbora gehiago eginen du jakiak hestean zehar, eta ondorioz, liseriketa hainbat eta osoagoa izanen da. Beraz, liserigarritasun txikiko landareez elikatzeko (belar zaharra, edukin proteiko baxuko espezieak, zelulosa askoko landare-zatiak, ...) gorputz handia eduki behar da.

Zebra dieta zabaleko migratzailea dugu. Bere elikadura-tasa altuari esker, kalitate baxuko landareez elika daiteke.

Herbiboro txikiek, bestalde, energi etekin positiboa lortu ahal izateko, fruitu eta kimuak ongi aprobetxatuz hautespena eginez elikatu beharra dute. Leku bat belarrez estalita egon arren, antilope txikiak goseak hil daitezke, nahikoa kimu freskorik ez badute. Kontutan hartu beharreko beste faktore bat honakoa da: hausnartzaileek, beren urdail konplexuei esker, liseriketa osoagoa lortzen dute. Beraz, antzeko neurria duten herbiboroen artean, behitarrak jaki kaskarragoekin bizitzeko gai izanen dira. Horrez gain, sabanako fenologia aldakorra euriteek kontrolatzen dutela gogorarazi behar da. Euri-sasoia iristen denean, ekoizpen primarioak gorakada nabarmena izaten du, eta animalientzat larrea sobera dago. Urtesasoi lehorrak aurrera egiten duen heinean, ordea, jakia gero eta urriago da, eta kalitate txarragokoa, goseteak ere izan daitezkeelarik. Azter dezagun ungulatu espezie nagusiek baliabide mugatzaile den larrea nola banatzen duten.

Sabanako herbibororik handiena elefantea dugu, 3,5 tonara irits daitekeelarik. Bere neurria dela eta, belar latz eta zakarrenez eta zuhaitzen hosto eta adarrez elikatzen da. Hain zuzen, hainbat parketan (Amboseli edo Tsavon, esate baterako), zuhaitzak lurrera botatzeko ohituragatik, oihanari atzerakada nabarmena eragin diote. Elefanteak ez dira migratzaileak; ezta benetako animalia lurraldekoiak ere, ez (baitute eremu finkorik babesten), baina oso eremu zabaletan zehar (300 km2-kotan) ibiltzen dira. Urtesasoi lehorra igarotzeko, eskualde hezeenetan biltzen dira, horretarako 500 km-tik gorako ibilaldiak eginik, eta maiz 4-5 m sakonerako zuloak egiten dituzte ur bila.

Bufaloa dieta zabaleko belarjale taldekoi eta erasokorra dugu; bere babes-estrategia talde iherarkikoetan oinarritzen duena.

Zulo hauek gainerako animaliek ere erabiltzen dituzte, eta ondorioz, garrantzi handikoak dira. Famili lotura handiko talde matriarkaletan bizi dira (eme zahar batek gidaturiko eme eta gaztez eratutako taldeak dira), eme dominatzailea gainerakoen ama-amona izan ohi delarik. Talde matriarkal hauen tamaina 10-20 alekoa izaten den arren, batzuetan laurogei-ehun alez osaturiko taldeak ikus daitezke. Garai batean baita 1.000 aletik gorakoak ere. Arrak bakarka, edota “ezkongabe” edo “mutilzahar” deritzen taldeetan bizi dira. Eme bat araldira iristen denean, emeek ar bat onar dezakete beren taldean.

Errinozeronteak 1,5 tona ingurukoak izatera irits daitezkeen animalia bakarti eta lurraldekoiak dira, ar eta emeak araldian baino biltzen ez direlarik. Batez ere belarjale direnez, eta dentsitate txikia dutenez, sabanan ez dute elefanteek adinako eraginik. Afrikan bi errinozeronte-espezie daude, hots, zuria eta beltza, banaketa-area desberdina dutelarik. Nolanahi ere, biek nahi izaten dituzte sastrakadi itxiak, eta 75 km2-rainoko lurraldeak gorotzen bidez markatu eta besteengandik defendatu egiten dituzte. Urtesasoi lehorraren bukaeran, ordea, bazka-eskasiak eraginda, lurraldeak utzi egin ditzakete, eta ingurune hobetan bildu, nahiz eta inoiz talderik eratu ez.

Koba ur-ertzetan bizi den antilope sedentarioa da. Araldian arrek 20 m-ko lurraldeak defendatzenn dituzte, gose eta egarriak baimentzen dien bitartean.

Ungulatuetan jirafak dira handienak, beren 500-800 kg-ko pisuaz. Animalia hauek 2-6 alez osaturiko familiatan bizi ohi dira, eta ez dute benetako migraziorik burutzen. Nolabaiteko dispertsioak bai ordea, urtesasoi lehorrean zuhaitz askok hostoa galtzen duenez, eremu hobetara biltzen direlarik. Alatzaile hauen elikadura guztiz dago zuhaitzetan oinarrituta, bertan (duten altuerari esker) oso lehiakide gutxi dutelarik. Izan ere, elefantea eta gerenuka kenduta, zuhaitz hostoz elikatzera espezializatu den beste espezierik ez baitago.

Elikatzeko era honen zailtasunak gaindituz gero, nahikoa egokia dela esan daiteke; Acacia jeneroa, lekaduna denez, nitrogeno-finkatzailea baita, ondorioz edukin proteiko altua duelarik. Hain zuzen, zuhaitz hauek hobesten ditu jirafak. Gerenuka askoz ere txikiagoa da, baina sekulako abilezia du atzeko bi hanketan zutik jartzen, gisa horretara nahikoa adar altuak beregana ditzakeelarik.

Bufaloa eta altzea gehienbat belar altu eta lehorretan larratzen diren 500 kg inguruko ungulatu sedentarioak dira. Bufaloa 20-40 aleko talde iherarkiko mistoetan bizi da, bere etsai nagusi diren lehoien aurka babes aktiboa burutzen duelarik. Hauetako baten aurrean, taldeko ar guztiek eme eta kumeak inguratzen dituzte, eta izugarrizko adar-hesia eratzen dute. Oso erasokorrak dira, eta taldeak kohesio handia erakusten du. Araldiak arazo izaten dira animalia hauentzat; hainbat ar batera egoten baita. Ar dominatzaileak ordea, gainerakoei emeak bereganatzea eragotzi egiten die, eta neurri handi batean inhibitu egiten ditu.

Topia belar laburreko eskualdeetan bizi den antilope sedentarioa da.

Koba, topia eta kongonia 200 kg inguruko antilope sedentarioak diren arren, elkarren arteko lehia txikia da, habitat-bereizketari esker. Koba, adibidez, beti ur-ertzean bizi den bitartean, topiak belar laburreko inguruneak ustiatzen ditu, eta kongoniak belar luzekoak. Kobaren araldia bitxia da benetan. Ar bakoitzak 20 m inguruko lurralde bat defendatzen du, estalketa emeak bertara hurbiltzen direnean gertatzen delarik. Hain lurralde txikiko baliabideekin, ordea, ezin izaten dute luze iraun, eta egarriak zein goseak lurraldea uztera behartzen ditu. Ar subordinatuek, edota lurralde txarrenak dituztenek, une hori aprobetxatzen dute lurraldea lapurtzeko.

Nolanahi ere, kobaren araldia nahikoa laburra izan ohi denez, egoera hau ez da luze mantentzen. Topi eta kongoni arrek ere, 10 hektarea inguruko lurraldea gorotzez markatu eta babestu egiten dute, maiz beste arrik inguratzen ote den bertatik begiratzeko termitategi gainetan paratzen direlarik. Ohitura honek, antza denez, baditu bere alderdi txarrak, eta kongoni arren hilkortasun-tasa altua omen da; harrapakariek aisa atzematen baitituzte. Kongoniak hain zuzen, urtesasoi lehorrean lurraldea utzi eta ehundaka aleko taldetan bil daitezke.

Inpala zuhaitz arteko belar luzeetan bizi den 80 kg inguruko antilope sedentarioa dugu. Bere neurri txikia dela eta, oso espezie fruitujalea da; fruituak belarrak baino liserigarriagoak baitira. Hauetan ar dominatzaileek (ar guztien heren bat inguruk) lurraldea dute, eta gainerako ar dominatzaileen aurka babesten dute. Ar subordinatuak, inongo eragozpenik gabe, “mutilzahar” taldetan ibiltzen dira. Emeak ere, bestalde, gregarioak eta lurraldekoak dira. Eme-talde baten lurraldea lauzpabost arren lurralde berbera izaten da, eta une horretan dauden lurraldeko nagusiak estaltzen ditu emeak.

Migratzaileen artean Thompson gazela da azkenekoa. Zebra eta ñuak pasatu ondoren geratu den belar laburraz elikatzen da.

Araldi luzea dute inpalek, eta ondorioz, arrek beren lurraldeak eskaintzen dituen baliabideez bizi behar dute. Salbuespena ura da. Izan ere, edozein arrek “baimena” du gainerakoen lurraldeak zeharkatzeko, uretara badoa. Eme eta mutilzaharren taldekatzea babes-mekanismoa da; taldea oharkabean atzematea zailagoa baita. Horrez gain, ehiztariren bat ikusiz gero, sekulako jauziak egiten dituzte, eta buztana altxatuz, ipurtaldeko mantxa txuria nabarmendu egiten dute, taldekideak ohartarazteko.

Antiloperik txikienak, erbi baten tamainako (4 kg) dikdikak dira. Antilope hauek monogamoak dira, bikote bakoitzak 2-5 hektareako lurraldea usaimenez markatu eta defendatzen duelarik. Sastrakaditan bizi dira gehienbat, eta aurreko antilope guztiek ez bezala, harrapakariren bat ikusita hauek ez dute ihes egiteko joera; ezkutatzekoa baizik. Hain txikiak izanik, noski, fruitu eta kimu freskotan oinarritutako dieta espezializatua dute, eta edan gabe bizi daitezkeenez, ez dute inoiz beren lurraldea uzten.

Ikus daitekeenez, sabanako animalia asko lurraldekoiak dira, araldian behinik behin. Hori, ordea, ez da posible animalia migratzaileengan. Afrikako sabanetan hiru espezie migratzaile nagusi ditugu: zebra, ñua eta Thomson gazela, migrazioak ere txanda horretan burutzen dituztelarik. Oso talde handitan biltzen dira, espezie bakoitzak bere bide eta erritmo bereziak dituelarik. Hiru espezieotan zebra (350 kg) da dieta jeneralistena duena, hausnartzailea ez den arren, bere elikadura-tasa altuari esker etekin positiboa belar zahar eta lehorrekin lortzen duelarik.

Inpala emeek taldeak eratzen dituzte, eta hainbat arren lurraldeetan barrena mugitzen dira.

Eskualde aproposenetan sedentario eta lurraldekoia, baina gainerakoetan migratzailea den ñuak (250 kg) muturra finagoa du, eta ondorioz, belar hobeak hautatzeko gai da. Thompson gazelak, azkenik, hogeitabost kilo inguruko pisua du, eta ondorioz, besteek utzitako belar laburrenez eta kimu freskoenez baino ez da elikatzen. Zebrak babes estrategia aktiboa du. Etsairen bat ikusita taldea bildu egin daiteke, zirkulu bat eratu, eta ostikadaz defendatu kumeak. Ñu-taldeek ere badute beren funtzioa, baina ez taldea babesteko, alea babesteko baizik. Izan ere, bai al dago lehoien aurrean tartean beste ñu bat edukitzea baino babes hoberik? Horregatik ñuak, lehoia ikusita, lasterka egin, eta talde-barnera sartu egiten dira. Ez dute seinale berezirik taldekideak ohartarazteko.

Ñuek, esan bezala, araldia desplazatuz pasatzen dute, ondorioz “lurralde mugikorrak” eratzen dituztelarik. Ar bakoitzak hainbat eme eskuratzen ditu, bere harena gainerako arretatik babestu egiten duelarik. Thomson gazelak (20 kg) ere, taldeka ageri ohi dira, eta belar laburrenetan ibiltzen dira (txikiak direnez) egon daitezkeen harrapakariak aisago ikusi ahal izateko.

Karniboroak

Acacia jeneroko zuhaitzak hobesten ditu jirafak; Acacia jeneroak, lekaduna denez, proteina edukin altua baitu.

Sabanan hain ungulatu-biomasa altua dagoenez, harrapakarientzako aukera handiak daude, eta ondorioz, harrapakari-biomasa eta dibertsitatea ere altuak dira. Hauek ere, nola ez, lehia saihesteko eta jaki-ustiapena optimizatzeko estrategia desberdinak garatu behar izan dira, gorputzaren neurri eta ehiza-estrategien dibertsifikazioa garatu direlarik. Komunitate hauek, lehen aipatu bezala, oso zaharrak direnez, ugaztun harrapakarien eboluzioaren ondorioa bere maila gorenean Afrikako ekialdean ikus daiteke.

Harrapakari hauetan, zalantzarik gabe, lehoia da ezagunena. 200 kilotara iritsi daitekeen animalia hau (aldika jirafaren tamainako aleak, edota gazela bezain espezie txikiak harrapa baditzake ere), gehienbat ñu eta zebraz elikatzen da. Lehoia ustegabe-ehiztaria da, ehizakiarengandik oso hurbileraino ezkutuan iritsi behar izaten duelarik. Lehoi gehienak taldean bizi dira, eta habitataren egokitasunaren arabera, 200-400 km2-ko lurraldeak mantentzen dituzte, nahiz eta ñuen atzetik migratzen duten lehoi-taldeak badiren. Lehoi-talde tipikoa lauzpabost emez, ar-pare batez eta hauen kume gazteez egon daiteke osatuta. Gehienetan emeek ehizatzen dute, eta arren zeregina taldea babestea izaten da. Taldearen barnean, emeak elkarren senide izan ohi dira, eta askotan kumeek askatasuna dute edozein emeren tititik edateko.

Thomson gazelak (20 kg) taldeka eta belar laburretan ibiltzen dira, harrapakariak aisago ikusi ahal izateko.

Araldiak bi aste inguru irauten du, eta sasoi horretan arra emearen oso ondoan egoten da ia deus ere jan gabe, ondorioz argaldu egiten direlarik. Lehoi gazteek, batez ere arrak badira, bi urte inguru betetakoan, taldetik uxatu egiten dituzte, eta orduan hasten da animalia hauentzako une gogorrena; ehizean ez baitira oso trebeak. Izan ere, hori izaten da harrapakari hauentzako unerik kritikoena. Batzuetan gazte hauek binaka edo hirunaka biltzen dira hobeki ehizatu ahal izateko. Lehoi arra sei-zazpi urte betetakoan guztiz helduta dago, eta orduan lor dezake talde bateko ar dominatzailea kanporatzea eta talde horren jabe egitea.

Horrelakorik gertatzen bada, lehen neurria kume guztiak hil eta jatea izaten da; emeak kumerik gabe geratzen direnean araldia izaten baitute, eta horrela ar horren kumeek izango baitituzte. Hain zuzen ar gehienek bizpahiru urte besterik ez dute irauten talde-gidaritzan, eta ondorioz, bermatu egin behar dute epe horretan haziko diren kumeek beren geneak izango dituztela. Taldetik kanporatutako ar zaharrek oso bizimodu latza dute. Ehiztari onak sekula izan ez direnez eta gainera emeen laguntzarik ez dutenez, gehienbat sarraskijale moduan bizi dira, hiena eta gepardoei ahal dutena lapurtuz. Azkenean, lehoi gehienak hienen horzkadaz hiltzen dira.

Gepardoa abiadura-ehiztaria da, gazelak egunez harrapatzen dituelarik.

Lehoia bezala, ustegabe-ehiztaria eta ahal duen guztietan sarraskijalea da leopardoa. Animalia hau txikiagoa da (70 kg inguru), eta ondorioz, ehizaki txikiagoez elikatzen da, inpala eta gazelak bere harrapakin ohizkoenak dituelarik. Leopardoa erabat bakartia da eta gauez ehizatzen du. Gainera, sabanako ehiztarietan arborikolena ere bada; gainerako harrapakariek lapur ez diezaioten, ehizakia zuhaitzetan ezkutatzeko ohitura baitu.

Gepardoa leopardoaren tamainakoa da, baina ustegabe-ehiztaria izan beharren, abiadura-ehiztaria da. Ez da sarraskiz elikatzen, eta gazela zein erbiak harrapatzen ditu eremu irekietan egunez, bere 110 km/orduko abiaduraz baliaturik. Gepardoa familiatan bizi da, arrak eremua gernuz markatzen duelarik. Leopardoaren kasuan bezala, talde desberdinen artean elkar saihesteko joera dago, nahiz eta lurralde zehatz bat defendatu ez.

Orain dela gutxi arte sarraskijale hutsa zela pentsatzen zen arren, hiena pikarta (80 kg) ehiztari trebea dugu. Ahal duen guztietan sarraskiaz elikatzen bada ere, gauez, taldeka, eta erresistentzia fisiko handiaz baliatuz, ñu, zebra eta neurri berdintsuko antilopeakehizatzen ditu. Nahikoa talde handitan bizi dira, talde bakoitzak 15-30 km2-ko lurraldea eta iherarkia zorrotz mantentzen dituztelarik. Taldeen arteko liskarrak oso gogorrak izan daitezke. Emeek lurrean zuloak egiten dituzte eta bertan erditzen dira. Hiena famatua da, bere barailen potentziagatik; gainerako harrapakariek apurtu ez ditzaketen hezurrak hauek txikitzen baitituzte. Bestalde, hiena marraduna (40 kg) antilope txikiagoez, sarraski, erbi eta hegaztiez bizi den ehiztari bakarti eta gautarra da.

Lehoia ustegabe-ehiztari taldekoia da. Gehienbat ñu eta zebrak ehizatzen ditu, gauez edo egunsentian, baina ahal duenean sarraskia ere aprobetxatzen du.

Likaoia (30 kg), hiena bezala, erresistentzi ehiztaria da, 6-40 alez osaturiko talde-funtzionamenduari esker ñua bezain animalia handiez elikatzen delarik. Gehienbat eguargitarra da, eta badirudi hienekin lehia gogorrean dagoena; harrapaketen erdia inguru hiena pikartek lapurtzen baitiete. Animalia honen kasuan taldeak berebiziko garrantzia du, eta badirudi 4 alez behetiko taldeek ehizatzeko probabilitate oso txikia dutena.

Ugaztun ehiztarien zerrenda luzeagoa da oraindik; txakalak eta azeriak ez baitaitezke ahaztu. Hauengan ere nahikoa dibertsifikazio handia izan da, baina lehia murrizteko mekanismoak oraindik ez dira asko ikertu. Txakal bizkarbeltzek eta txakal doratuek (6-10 kg), bikote lurraldekoi iraunkorrak eratzen dituzte, erbi, sagu eta sarraskiz elikatzen direlarik.

Gaur egungo egoera

Arestian aipatutako animaliak ekosistemaren osagaietariko batzuk besterik ez dira, sabanan hegazti, intsektu, narrasti eta beste hainbat animali eta landare-espeziek beren bizileku bakarra baitute. Ugaztun-dentsitate handi horrek beste hainbat animaliarentzat baliabide ustiagarri ugari dagoela esan nahi du, eta dinamismo berezia ematen dio formazio honi. Beste taxoien aberastasunaren adierazgarri gisara, esan dezagun elefanteen gorotz itzelez elikatzen direnak 2.000 koleoptero espezietik gora dagoela (konparazioa eginez, Europa osoan 15.000 koleoptero-espezie dago guztira, eta hauetan oso gutxi dira koprofago). Hauen erlazio ekologikoak azaltzeak liburu bat idazteko adina material eskainiko luke, eta materia prozesatzen ere garrantzia handia izan dezakete. Zein da gaur egun ekosistema berezi honek duen egoera?

Hiena pikarta erresistentzi ehiztari taldekoi eta gautarra den arren, sarraskijale amorratua ere bada. Batez ere likaoiei lapurtzen die ehizakia.

Mendeetan zehar ehizaren presioa oso altua izan da, eta garai bateko ungulatu-talde itzelak desagertu dira jada. Azken urteotan, ordea, Afrikako ekialdeko lurraldeetako gobernuek ikusi dute fauna basatia diru-iturri garrantzitsua izan daitekeela, eta munduko parke nazional handienak eratu dituzte. Aipagarrienak Serengeti eta Nogorongoro (Tantzanian), Amboseli, Tsavo eta Mara (Kenian), edo Rwenzori (Ugandan) dira. Ez dira, ordea, arazoak horrenbestez amaitu.

Batetik, parke hauek oso handiak izan arren (Serengetik 14.500 km2-ko azalera du), animalia hauek migraziotarako askoz ere eremu zabalagoak behar dituzte. Gaur egun, ordea, parkeen arteko eskualdea abeltzainen eskuetatik nekazarien eskuetara pasatzen ari da, eta horrek oztopo handiagoak ezartzen dizkie ugaztun hauei. Bestalde, isilpeko ehiza oso hedatua dago, eta gobernuek armada eta indar guztiak erabili arren, elefante, errinozeronte, lehoi eta beste espezie askoren populazioek beherakada nabarmenak izan dituzte. Izan ere, merkatu beltzean errinozeronte-adar batek 10.000 $ balio dituen bitartean, eta Afrikan gosetea endemikoa den bitartean, ezingo da gaitz hau ezabatu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia