RTS,S malariaren aurkako txertoa orain haurretan probatuko dute
2003/07/16 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia
RTS,S malariaren bizkarroiaren gainazalean aurkitutako proteina batez osatuta dago nagusiki. Dena dela, B hepatitisa eragiten duen birusaren zati bat ere badu, hepatitisa sorrarazteko txikiegia baina malaria gaixotasuna nabarmentzeko adinakoa. Txertoaren azkeneko osagaia nahaste kimiko laguntzaile bat da.
Gambian orain arte egindako probetan RTS,Sak helduen % 71 babestu du malaria gaixotasunetik. Emaitza horiek haurretan errepikatzen edo hobetzen badira, jaioberriei ere jarriko diete txerto hori.
Malaria aspalditik ezagutzen den gaixotasun hilgarria da. Garai batean, gaixotasunaren iturburua zingira kirasdunak zirela uste zen. 1880an, aldiz, zientzialariek malariaren benetako erruduna gizakiaren gibela eta globulu gorriak infektatzen dituen Plasmodium falciparum bizkarroi zelulabakarra zela jakin zuten.
Bizkarroi hori Anopheles generoko eltxo emearen ziztadaren bidez transmititzen dela ere ikusi zuten geroago. Malariaren lehen sintomak eltxoak ziztatu eta 9-14 egunera azaltzen dira, eta gripeak sortzen dituenaren antzekoak dira: sukarra, buruko mina, goragalea... Gaitzak aurrera egiten duen heinean, osasun-arazoak are eta gehiago konplikatzen dira eta sarri heriotza ekartzen dute.
Gaixotasun horrek eragindako heriotzen % 90 Saharaz hegoaldeko Afrikan gertatzen dira; 30 segundotik behin ume bat gaixotzen da malariak jota. Benetan datu adierazgarria edo kontuan hartu beharrekoa, ezta?
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia