}

Rosetta misioa: kometan lur hartzeko gertu

2014/11/06 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Azaroaren 12an gertatuko da. Rosettaren Philae modulua zundatik askatuko da, eta 67P/Churyumov-Gerasimenko kometan lur hartuko du. Lurretik 450 milioi kilometro ingurura gertatuko da, eta ESAren ESOC zentrotik gidatuko dute lur-hartzea, 10 urteko bidea bezala. Misioa ez da hor bukatuko, baina balentria teknikoaren azken mugarria izango da. Lehenago, gizakiak ez du inoiz bidali misio bat kometa bat ikertzera; are gutxiago, hain gorputz txikian lur hartzera.
rosetta-misioa-egun-handiaren-atarian-gertu
2014ko irailaren 19a. Dena ondo badoa,hilabete-pare batean Philae kometaren azalean izango da. Arg. ESA/Rosetta/NAVCAM

--> Elkarrizketa: Ander Martinez de Albeniz, Rosettako ingeniaria

--> Argazki-galeria: 10 urteko bidea kometaren azalera

Arg. © Juan Carlos RUiz/Argazki press

Philaek 67P/Churyumov-Gerasimenko kometan lur hartzea lortzen badu, poz berezia sentituko duten pertsonetako bat Ander Martinez de Albeniz tolosar ingeniaria izango da. Izan ere, Rosettaren ibilbidea eta maniobrak zuzentzen dituen taldeko kidea da: itzultzaile-lanak egiten ditu; aginduak Rosettak ulertuko dituen hizkuntzara itzultzea da haren zeregina.

ESArentzat lanean aritzea “ametsa egia bilakatzea izan da” Martinez de Albenizentzat, eta “zirraragarria” hain misio bereziaren parte izatea. Lur-hartzearen eguna gerturatu ahala, “urduri” aitortzen du bere burua, eta Elhuyar aldizkariari emandako elkarrizketan dio “bizi osoan gogoratuko duen zerbait” izango dela ondo ateratzen bada.

Ondo ateratzen bada, Rosetta misioaren zati zientifikoenari ekingo dio Philaek lur hartutakoan. Kometaren konposizioaren informazioa jaso eta bidaliko du Lurrera. Rosettak, berriz, kometari jarraituko die Eguzkiranzko bidean, eta kometaren jarduera nola aldatzen den bertatik bertara ikusteko aukera emango dio zientzialariei. 2015eko abenduan egongo da kometa Eguzkitik gertuen. Hori izango da Rosettaren azkena.

ESAko ingeniariek ez ezik, guztiok izango dugu Philae lur hartzen ikusteko aukera, ibilbide osoan jarraituko baitio Rosettaren kamerak, eta argazkiak egingo. Esperientzia luzea du argazkigintzan Rosettak, 10 urteko eta 6.000 milioi kilometroko bide luzean beste hainbat eta hainbat egin baititu. Lurrarenak, Marterenak, asteroideenak, eta baita zenbait autoargazki ere. Argazki-galeria honetan dago Elhuyar aldizkariaren bilduma hautatua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia