Putz egin, mesedez!
2004/12/01 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria
Europa osoan pixkanaka gogortuz doaz trafiko-arauak. Eta, alkoholari dagokionez, herrialde gehienek antzerako alkohol-kontzentrazioak jarri dituzte mugatzat. Kontzentrazio horiek Europako Batzordeak aholkatutakoak dira: odolean 0,5 g/l gidarientzako oro har, eta hortik beherakoak —0,2 g/l— gidari berrientzako, zama astunak edo arriskutsuak daramatzaten kamioi-gidarientzako eta garraio publikoko gidarientzako.
Horrekin esan nahi da gidari batek ezin duela gorputzeko odol-litroko 0,5 g alkohol —etanol— edo gehiago izan. Edo, beste era batera esanda, autoa, motorra edo bizikleta hartu aurretik ezin dela bizpahiru garagardo edo pare bat ardo-txikito baino gehiago edan; kontuz ibili behar dela, alegia.
Bestalde, Espainian puntu bidezko gidabaimenaren sistema jarri nahi dute abian 2005eko udan. Ideia ez da berria, noski, Europako herrialde askotan martxan baitago aspalditik. Gainera, Frantziako sistema hartu dute oinarritzat, emaitza onak ematen ari baita. Arnasan 0,25 mg/l eta 0,75 mg/l bitartean izanez gero, lau puntu galduko dira hasierako hamabi puntuetatik; eta 0,75 mg/l-tik gora sei puntu kenduko dira. Horretaz gain, diru-isunak ere ordaindu beharko dira. Eta, gainera, alferrikakoa da alkoholemia-proba egiteari uko egitea, zuzenean sei puntu kenduko baitituzte gidabaimenetik.
Odoletik arnasara
Berez, alkohola, edan eta gero, gorputzeko jariakin guztietara iristen da: odolera, izerdira, arnasara... Alkoholdun edari bat edandakoan, etanola odol-korrontera pasatzen da urdailean, eta baita hesteetara iristen denean ere. Odol-hodietan zehar gorputz osora banatzen da, batez ere ur gehien duten ehunetara.
Alkohola erregai gisa erabiltzen du gorputzak: gibeleko zeluletan degradatu egiten da alkoholik gehiena —% 95 inguru— energia lortzeko. Gainerakoa bere horretan kanporatzen da gernuaren, izerdiaren edo arnasaren bitartez.
Odola biriketara iristen denean, albeoloetan gasen trukea gertatzen da: karbono dioxidoa biriketara pasatzen da arnasarekin batera gorputzetik kanpora ateratzeko, eta oxigenoa odolera pasatzen da. Aldi berean, etanolaren zati bat, likido hegazkorra denez, arnasarekin batera gorputzetik kanpora irteten da.
Alkoholemia-probak egiteko erabiltzen den tresna alkoholimetroa da, eta arnasako alkohol-kontzentrazioa neurtzen du. Odol-analisia ere egin daiteke, baina horretarako higiene-neurri zorrotzak behar dira, eta denbora gehiago eskatzen du. Horregatik, alkoholemia-kontroletan arnasako alkohol-kontzentrazioa da neurtzen dena, eta ez odolekoa.
Dena dela, bi parametro horien arteko erlazioa ezaguna da, kalkulatuta dago. 1950ean Harger-ek, Forney-k eta Barnes-ek egindako kalkuluaren arabera, erlazioa 2.100:1 da. Hala ere, normalean 2.000:1 erlazioa hartu da aintzat.
Eta, hala, odolean 0,5 g/l dena arnasan 0,25 mg/l da. Beraz, kontuz, alkoholimetroan putz egin eta 0,25 jartzen badu, odolean 0,5 g/l alkohol dagoen seinale da, eta, beraz, legeak baimentzen duen baino alkohol gehiago edan duzu.
Erlazio hori oso erabilgarria da estrapolagarria delako, hau da, edozein pertsonarentzat balio du; izan ere, ez dago pisuaren edo gorpuzkeraren menpe.
Alkoholimetroa gertutik
Alkoholimetroak mikroprozesadore bat dauka neurketak zehatzak direla ziurtatzeko. Neurketa bi sentsorek egiten dute; batek uhin infragorrien bidez egiten du analisia, eta besteak erreakzio elektrokimiko baten bidez. Bi sentsoreek aldi berean egiten dute lan, eta, hala, neurketa fidagarria eta azkarra da.
Gidatzeko garaian alkohola edatea debekatuta egotea ez da apeta hutsa. Alkoholak nerbio-sistema ahultzen da, eta efektu hori nabarmenagoa da burmuineko leku batzuetan. Alkohol apur bat edanda bizigarria dela ematen du, autokontzientzia ahultzen da, eta horrek ondo sentiarazten du. Baina, alkoholaren kontzentrazioak gora egin ahala, funtzio batzuk jota geratzen dira, koordinazioa esaterako.
Edanda, autoak jaramonik ez
Lagunekin afari eder bat egin —ondo jan, ardo pixka bat edan— eta autora joandakoan, betiko zalantza: Gehiegi edan ote dut?
Halakoetarako hamaika alkoholimetro txiki daude merkatuan —gehienak garesti samarrak—. Baina autoa hartu aurretik proba egin eta baimendutakoa baino alkohol gehiago edan duela ikusita ere, gidatu egingo du askok. Gidari horrek arriskuan jartzen du bere burua, eta baita gainerakoak ere.
Hori ikusita, auto-ekoizleek auto seguruagoen bila dihardute. Saab etxeak, esate baterako, alkoholimetrodun giltza bat aurkeztu du aurtengo Autoen Nazioarteko Erakusketan, Parisen. Giltza hori erabiltzeko nahitaezkoa da tutuan putz egitea. Alkohol-kontzentrazioa baimendutakoa baino handiagoa bada, motorra ez da martxan jartzen.
Dirudienez, horrelako asmakizunak etengabe iritsiko dira hemendik aurrera; izan ere, laster, auto guztietan gidaria edanda dagoen ala ez antzematen duen sistemaren bat egotea exijituko omen dute Europako herri batzuetan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia