1850ean, enbor-itxurako fosil batzuk aurkitu zituzten Kanadan. Hasiera batean, koniferoen enborrak zirela uste izan zuten. Gerora, ordea, ale gehiago aurkituta, eta azterketa sakonagoak eginda, baztertu egin zuten landare-izaera, eta onddoak izan zitezkeela proposatu zuten.
Prototaxites deitu zitzaien, duela 420-370 urtekoak ziren (Devoniar goiztiarra), eta metro bat zabal eta zortzi metro luze ere har zitzaketen. Garai hartan, dagoeneko bazeuden garoak, eta, haien artean, enbor haiek nabarmenak izango ziren. Onddoak izateko hipotesiak indarra hartu zuen 2017an, Prototaxites taiti espeziean onddoen egiturak identifikatu zituztela uste izan baitzuten ikerketa batean. Zehazki, Ascomycota filumean sailkatu zuten.
«Zalantza argitzeko, Rhynie Chert aztarnategiko laginak ikertu dituzte (Eskozia)»
Orain, Edinburgoko Unibertsitateko ikertzaileek beste ikerketa bat egin dute, argitzeko Prototaxites taiti benetan ote zen onddoa, ala beste organismo-mota bat. Rhynie Chert aztarnategiko laginak ikertu dituzte (Eskozia); izan ere, P. taiti-ren fosil onak ez ezik, garai hartako onddoen aztarnategi aberatsenetako bat ere bada. Hala, fosilen analisi morfologikoak eta kimikoak eginda, eta elkarren a tean alderatuta, ondorioztatu dute Prototaxites-ak eukariotoen berariazko adar batekoak zirela, guztiz iraungi dena, eta erabat baztertu dute onddoak zirelako hipotesia.
Ana Galarraga Aiestaran
Elhuyar Zientzia







