}

Proteinen tolestura aztertzeko aurrerapausoa

2002/03/04 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Proteinen toleste-prozesua zuzenean behatuz, proteinek egitura tridimentsionala lortzeko hainbat bide daudela aurkitu dute.

Proteinen sintesi-prozesuan tolestura pauso garrantzitsuenetarikoa da, aminoazidoen kate lineala izatetik egitura tridimentsionala izatera pasatzen baita proteina. Modu egokian tolestea derrigorrezkoa da molekula funtzionala bilakatzeko. Gaizki tolestutako proteinak zelulan pilatzeak sorrarazten ditu nerbio-sistemako endekapenezko gaitzak, hala nola, Alzheimerra, Parkinsona edo behi eroen gaitza.

Feng Gai-k zuzentzen duen Pennsylvania Unibertsitateko kimikari-taldeak proteinen toleste-prozesuari zuzenean jarraitzea lortu du. Prozesua behatzea ez da erraza, oso azkar gertatzen baita, nanosegundo batzuetako tartean. Hori dela eta, ezaguna den egitura batean (helize formakoa) tolesten diren proteina sinpleak aukeratu dituzte, eta proteina bakoitzeko aminoazido batzuk karbono-13rekin markatu. Uretan sartu ostean, laser bidez berotu eta destolestu dituzte. Infragorrien espektroskopia erabiliaz, berriz tolesteko prozesua behatu eta proteinek hasierako egiturara bueltatzeko denbora ezberdinak behar dituztela konturatu dira. Hots, egitura tridimentsionala lortzeko tolestura bide ezberdinetatik egin daitekeela.

Gaik adierazi duenez, aurkikuntza hau aurrerapauso handia izan daiteke nerbio-sistemako endekapenezko gaitzen tratamenduan. Zelulatan pilatuta dauden akastun proteinak destolestea lortuz gero, posible izango litzateke beste bide bat hartuz modu egokian tolestea, eta proteina berriro funtzional izatea.

Edozein modutan, proteina txiki eta sinpleekin bakarrik lortu da oraingoz berriz tolestea. Ez dago hain argi prozesuak proteina konplexu eta garrantzitsuagoetan berdin funtzionatuko duen ala ez.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia