Proteina-ekoizlearen egitura agerian
2001/03/30 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
50 proteinek baino gehiagok eta hainbat ARNk osatzen dute bi azpi-unitate dituen globulu hori. Bi azpiunitateen egitura ezaguna zen arren, oraingo azterketak globulu osoaren egitura erakusten du, baita azpi-unitateetan dagoen tartearena ere. Hain justu, tarte horretan ekoizten dira proteinak.
Proteinak ekoizten dituzten erribosomen osagaiak ARNaz eginak egotea oso deigarria da. Bizitzeko beharrezkoak diren erreakzio kimikoak katalizatzen dituzten entzimak, aldiz, proteinak dira. Ikertzaile askok erribosomaren funtzioan ARNak erabateko garrantzia zuela uste bazuten ere, proteina-sintesian ARN erribosomikoa osagai aktiboa dela ez da orain arte hain argi gelditu.
Erribosomaren irudi berria X izpizko kristalografiaren bidez lortu da. Horri esker, erribosomaren hiru dimentsioko egitura xehetasun gehiagorekin ikusi ahal izan da eta oinarrizko funtzioak betetzen dituzten osagaiak ezagutu ahal izan dituzte. Esate baterako, bi azpiunitateen artean hamabi zubi kimiko daudela ikusi da, gehienak ARN erribosomikoarekin erlazionatuta. Gainera, transferentzia ARNaren eta erribosomaren arteko lotura non egiten den ere jakin da. Bere funtzioa betetzeko, erribosomaren egitura mugikorra da eta ikerketak erribosomak proteina-sintesian egiten dituen egitura-aldaketak erakutsi ditu.
Bestalde, erribosomaren egitura eta funtzionamendua zehazki ezagutzeak bide berriak zabaltzen ditu. Izan ere, antibiotiko asko bakterioen erribosomari lotzen zaizkio eta haren proteina-ekoizpena eragozten dute. Etorkizunean, eta egindako urratsen atzetik, bakterioen aurkako borrokan antibiotiko hobeak diseinatu ahal izango dira.
Hala ere, proteina-ekoizpena hain lan konplexua eta garrantzitsua izanik, Harry Noller ikerketa-buruak ez du ulertzen erribosomak zergatik ez dituen proteinak erabiltzen ARNa erabili ordez. Bere iritziz, erantzunak bizitzaren jatorriari buruz argibidea eskainiko luke.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia