Proiektuak eginez ikasi

2021/05/26 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)

Proiektuetan lan egitean oinarritutako metodologia
Arg. Pernan Goñi Olalde

Lehen Hezkuntzan ohikoa da gai baten inguruko proiektu diziplinartekoetan lan egitea. Ikasleak gustura aritzen dira, besteak beste, erromatarren garaia, dinosauroak edota ura zenbait alderditatik lantzen. Era berean, Lanbide Heziketak tradizio luzea du proiektuetan, erronka bati lotutako alderdi teorikoak eta praktikoak landuta.

Baina, zergatik kostatzen zaigu horrenbeste, orduan, Bigarren Hezkuntzan diziplinen arteko mugak gainditzea? Arrazoiak ugariak dira; halere, geroz eta gehiago dira aldaketa eskatzen eta bideratzen ari diren profesionalak; horretarako (ere) proiektuetan lan egitea bide egokia eta aberatsa izan daiteke. Egia da proiektuetan oinarritutako metodologia bakar bat ez dagoela, eta horrek zaildu egiten du prozesu “unibertsal” edo estandarizatu bat zehaztea; edonola ere, aniztasun horrek hezkuntza-prozesurako malgutasuna ematen dio irakasleari: adituekin egon, zientzia-azoketara aurkeztu, familiaren parte hartzea bilatu, eskura dauden baliabideak aprobetxatu, etab.

Proiektuetan lan egitea aspalditik dator. Historian atzera eginda, Erroman 1577. urtean sortutako Accademia di San Luca dugu. Hartan, artistei azalpen teorikoak emateaz gain, azalpen horiek lan batean aplikatu eta epaimahai baten aurrean defendatzeko eskatzen zitzaien. Lan horiek ez ziren guztiz amaitutako artelanak, lehen zirriborroak baizik: progetti-ak. Ordudanik eta gaur arte, hainbat eremutan erabili dira erronkei, aplikazioei eta emaitzen komunikazioei merezi duten garrantzia eman dieten irakaskuntzarako metodologiak, eta azken urteetan, Bigarren Hezkuntzako gaitasun zientifikoak eta teknologikoak garatzeko eredu pedagogiko moduan ezartzen ari dira gure ikastetxeetan.

Gazteak gizartera prestatuago iristeko hezkuntza

Esan bezala, “proiektuetan oinarritutako ikaskuntza” izenaren aterkiaren azpian, irakasteko hainbat modu biltzen dira, baina guztiek dituzte ezaugarri komun batzuk:

• Ikasleek interesatzen zaien eta mundu errealarekin lotura zuzena duen gai batean aktiboki lan eginez ikasten dute.

• Ikasleak proiektu horretan mundu errealeko arazo bat konpontzen edo galdera konplexu bati erantzuten saiatzen dira, eta epe ertain edo epe luzeko proiektu batean lan egiten dute (astebetetik ikasturte osora luza daiteke).

• Bakoitzak dituen ezagutzak eta trebetasunak erakusten ditu, produktu bat sortuta, eta produktu hori publikoaren aurrean aurkeztuta.

Horrela ikastearen ondorioz, ikasleek pentsamendu kritikoa, lankidetza-gaitasunak, sormena eta komunikazio-gaitasunak lantzen dituzte, edukiak sakon ikasteaz gain.

Proiektuak diseinatzeko oinarrizko zazpi elementuak

Irakasleek proiektuetan lan egitea diseinatzerakoan, zazpi ideia hauek hartu behar dituzte kontuan:

1.- Erronka: erronka dakarren arazo edo galdera

Konpondu beharreko arazo garrantzitsu batean edo erantzun beharreko galdera batean oinarritzen da proiektua, zailtasun-maila egokiarekin.

2.- Ikerketa-prozesua

Ikasleek konpromisoa hartzen dute prozesu zorrotz eta zabal batean galderak egiteko, baliabideak aurkitzeko eta informazioa aplikatzeko.

3.- Benetakotasuna

Proiektua mundu errealean kokatzen da. Proiektuak ikasleen bizitzako kezkei, interesei edo arazo pertsonalei erantzuten die.

4.- Ikasleen iritzia eta hautua

Ikasleek proiektuari buruzko erabaki batzuk hartzen dituzte, nola lan egingo duten eta zer sortuko duten barne.

5.- Hausnarketa

Ikasleek eta irakasleek gogoeta batzuk egiten dituzte: beren ikaskuntzari buruz, beren ikerketa-jardueren eta proiektuen eraginkortasunari buruz, ikasleen lanaren kalitateari buruz, sortzen diren oztopoei buruz eta horiek gainditzeko estrategiei buruz.

6.- Kritika eta berrikuspena

Ikasleek feedbacka ematen, jasotzen eta aplikatzen dute beren prozesuak eta produktuak hobetzeko.

7.- Emaitza aurkeztu

Ikasleek beren proiektua aurkezten diote publiko jakin bati, ikasgelatik kanpo.

Bigarren Hezkuntzan egiten diren proiektuen sailkapena

Bigarren Hezkuntzan ikasleek egiten dituzten proiektu-motak sailkatzea ez da erraza. Sinpleenera jota, hirutan banatu ditzakegu: ikerketa zientifikoak, proiektu teknologikoak eta konbinatuak.

Zehatzagoak izateko asmoarekin xeheago sailkatzen saiatzen bagara, hainbat aukera eta zailtasun agertuko zaizkigu. Horri erantzuteko, sailkapen ugari sortu dira, batez ere ikerketaren mundu profesionalean, baina kategoria horiek ez dira erabiltzen Bigarren Hezkuntzan egiten diren proiektuak sailkatzeko (ikerketa esperimentalak, kuasiesperimentalak, ez-esperimentalak, dokumentalak, teknologikoak, esploraziozko ikerketak, ikerketa deskribatzaileak…).

Sailkapen horien ordez, Bigarren Hezkuntzako proiektuak sailkatzeko ohikoagoa izaten da gaiaren edo eremuaren araberako sailkapena egitea, nahiz eta hor ere arazoak egoten diren proiektu mistoak sailkatzeko eta irizpideak ezartzeko. Adibidez, Europako Batzordeak antolatzen duen zientzia-azokan, proiektuak kategoria hauetan banatzen ditu: biologia, informatika, kimika, Lurreko zientziak, ingeniaritza, ingurumena, materialak, matematika, medikuntza, fisika eta gizarte-zientziak.

Irizpideak ezartzeko aipatu diren konplexutasun guztiak kontuan hartuta, eta erabilgarria den zerbait eskaintzeko asmoarekin, bi mota nagusi proposatzen ditugu, erabiltzen diren metodo ohikoenetan oinarrituta: ikerketa-proiektuak eta proiektu teknologikoak.

Ikasleek proiektuak egiten dituztenean, irakaslearen paperak garrantzi berebizikoa hartzen du. Nahiz eta egia izan ikasleak ikertzaileen tokian jartzen direla, kontuan hartu behar dugu gure ikasleek oraindik garatzeko dituztela ikertzaileek dituzten trebetasunak: autonomia, eskarmentua, prozedurak, ezagutza teorikoak, baliabideak erabiltzeko ezagutza… Erronka handia da hori guztia kudeatzea epe ertain/luzeko proiektu batean, are gehiago proiektuetan lan egiteko esperientzia txikia bada. Horregatik, irakasleak hainbat rol hartu behar ditu ikasleen beharrei erantzuteko: ikasleak gidatu, azalpenak eman, ikasteko egoerak sortu, kontraste-lana egin, inspiratu, antolaketan lagundu…

Bukatzeko, aipatu beharra dago proiektuetan lan egitea ez dela ikasle guzti-guztien gustukoa izaten, baina, orokorrean, ikasle gehienek oso ondo baloratzen dute, batez ere, urtez urte esperientzia hartuz joaten diren heinean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia