}

Proiektu inspiratzailea: nola eragiten du mugikorraren erabilerak eta sare sozialen kontsumoak gazteengan?

2024/04/17 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)

proiektu-inspiratzailea-nola-eragiten-du-mugikorra

Gaia

Mugikorrak eta sare sozialak

Testuingurua

Sare sozialek goitik behera aldatu dute gure komunikatzeko eta informazioa kontsumitzeko modua. Gazteek, bereziki, sare sozialak beren egunerokoan integratu dituzte, eta komunikatzeko eta informazioa kontsumitzeko tresna nagusiak bihurtu dira haientzat. Horrek eragin kaltegarria izan dezake ongizate orokorrean, batez ere osasun mentalean (depresioa, antsietatea, atentzioa mantentzeko arazoak...), eta gehiegizko erabilerak beste jarduera garrantzitsu batzuk alde batera uztea ere ekar lezake (aurrez aurreko harremanak, ikasketak, kirola, lagunak…). Gainera, gazteek beren burua balioztatzeko modutzat har ditzakete sare sozialak, eta horrek eragina izan dezake haien autoestimuan. Horregatik, haien diseinuan erabiltzen diren estrategia psikologikoen aurrean jarrera kritikoa garatzea ezinbestekoa da sare sozialen kontsumo arduratsuagoa egiten jakiteko eta dituzten aukerak aprobetxatzeko.

Beraz, funtsezkoa da jakitea sare sozialek zer estrategia dituzten, nola eta zertarako eginak dauden, zer negozioeredu duten… Komeni da haien aurrean norbere burua erregulatzeko bideak ezagutzea, eta mundu birtualean jokabide zentzuzkoak eta errespetuzkoak izatea.

Ikerketa-galdera

Nola eragiten du mugikorraren erabilerak eta sare sozialen kontsumoak gazteengan?

Ikerketaren helburuak

  • Mugikorren eta sare sozialen erabilerari buruzko hausnarketa sustatzea.
  • Aztertze-industriak zer estrategia erabiltzen dituen mugikorraren eta sare-sozialen erabilera etengabea sortzeko, eta haiei aurre egiteko eguneroko estrategiak ezagutzea.
  • Mugikorren eta sare sozialen erabilerak pertsonen ongizate emozional eta mentalean izan dezakeen eragina ikertzea.
  • Mugikorrek eta sare sozialek gazteen (eta helduen) osasun mentalean duten eraginari eta arriskuei buruz nerabeek duten ezagutza ebaluatzea.

Esperimentaziorako proposamena

  • Mugikorren eta sare sozialen erabilerari buruzko informazioa bildu eta aztertu (zein den negozio-eredua, zein estrategia erabiltzen dituzten, osasun mentalean nola eragiten duten, etab.).
  • Datuak biltzeko inkestak diseinatu (lehendik dauden inkestak ere erabil daitezke). Inkesta horietan, gai hauei buruzko galderak egin daitezke: mugikorra eta sare sozialak erabiltzen diren edo ez, zer maiztasunekin eta zenbat denboran erabiltzen diren, zertarako erabiltzen diren (mezularitza, komunikazioa, jokoak, eduki-kontsumoa...), hautemandako mendekotasun-maila, Ciberbullyng-ari buruzko esperientziak eta iritzia, zenbat aldiz sentitzen diren gaizki sare sozialak erabili ondoren eta zergatik, pribatutasunari eta onlineko segurtasunari buruzko kezkamaila, mugikorren eta sare sozialen erabilerak ongizate emozional eta mentalean dituen ondorioen ezagutza-maila, gurasoen kontrolaren inguruko aplikazioei buruzko iritzia…
  • Diseinatu diren inkestak erabiliz datuak bildu: inkestak gazteen artean banatu, eta betetzeko eskatu.
  • Emaitzak aztertu eta ondorioak atera. Emaitzak aztertzeko eta ondorioak ateratzeko garaian, oso interesgarria da taldeetan jasotako datuak aztertzea: generoa, adina…
  • Komunikazioa: emaitzak hainbat modutan zabaldu daitezke, hala nola proiektuaren txostena eta/edo bideoa ikastetxeko webgunean eta sare sozialetan jarriz, erakusketa baterako panelak egin eta ikastetxean/herrian jarriz, hitzaldiak antolatuz (ikasleentzat, gurasoentzat…), proiektua zientzia-azoka batean aurkeztuz…

Hausnarketarako gakoak

  • Gehiegizko erabilera kontrolatzeko estrategiak, datuen pribatutasuna, onlineko segurtasuna eta gurasoen kontrola.
  • Mugikorrek eta sare sozialek osasun mentalean eta errendimendu akademikoan izan ditzaketen eraginak (gazte eta helduetan).
  • Portaera egokiak mundu birtualean. Cyberbullyng-a.
  • Sare sozialetako desinformazioa eta itxurakeria (benetakoak ez diren irudiekin norbere burua konparatzea).

Proiektu gehiago ikusteko, sakatu hemen.

 

Proiektu hau Elhuyarrek sustatu du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren laguntza du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia