Prioiak prioien aurka ordenagailuetan
2001/08/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Behi eroen gaitza (behien entzefalopatia espongiformea) prioi izeneko proteina txiki batzuek eragiten dute. Mota berdineko beste gaixotasunetan bezala, ardien scrapie eta gizakion Creutzfeld-Jacob gaitza esate baterako, prioien jarrerak inguruko proteinak ‘hondatzen’ ditu eta garunak ezin du behar bezala funtzionatu.
Proteinak kate-itxurako molekulak dira, eta gaizki tolestuz gero ezin dute dagokien funtzioa bete. Zientzialarien arabera, prioiek proteina osasuntsuak erakarri eta deformatu egiten dituzte. Horrela, prioi baten inguruan gaizki tolestutako bost bat proteinako multzoak pilatzen direnean sortzen da gaixotasuna.
Gune horri beste proteina batzuk biltzen zaizkio, eta koskorra handitu egiten da. Koskorra handitzean azal handiagoa duenez, aldiko proteina gehiago batzen zaizkio multzoari, eta gaixotasuna azkarrago hedatzen da.
Kanpoko laguntza
Estatu Batuetako zientzialari batzuek estrategia bat asmatu dute arazoari aurre egiteko. Haiei saguen eta hamsterren kasua ez zaie batere arrotza egiten. Saguetan gaixotasuna eragiten duen prioiak hamsterretan ere eragiten du, baina alderantzizkoa ez da gertatzen.
Hamsterren prioiak saguei txertatuz gero, saguetan gaixotasuna geldoago garatuko litzatekeela kalkulatu dute ordenagailuen bitartez. Zientzialarien ustez, efektu hori bera beste animalia batzuetan eraginkorra izan liteke.
Efektu horrek ez luke gaixotasuna desagerraraziko, baina asko mantsotuko luke. Horrela, behietan gaixotasunaren garapena hogeita hamar urte atzeratuko balu, garatzerako behia hilda egongo litzateke, eta ez litzateke arazorik sortuko.
Estrategia hori oraindik ordenagailuen kalkuluen mailan dago. Hala ere, kalkulu horiek ezin dute errealitatearen eredu zehatza egin, eta, beraz, aldagai guzti-guztiak ez dira kontuan hartu. Estrategia berri harrigarria da, ordea, eta prioien aurkako ikerketa indar lezake.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia