}

Primaterik txikiena Asian

2000/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Illinoisko Iparraldeko Unibertsitateko ikertzaile-talde batek 1996. urtean Txinan aurkitu ziren primateen fosilak aztertu ditu eta 45 milioi urte dituztela ondorioztatu du, besteak beste. Txinan aurkitu ziren fosilak espezie desberdinei dagozkie, horietakoa inoiz aurkitu den primaterik txikiena delarik. Primate txiki hauetariko batzuk 10 g eskas pisatzen zuten eta ziur asko ontza edo mozoloen pareko harrapakarien ohiko biktima ziren. Fosiletan Eosimas deritzon primatearen aztarnak ere aurkitu dira.

Aztarna horiei esker, Eosimas primateen taldeko espeziea dela baieztatu ahal izan dute ikertzaileek. Primate honek, goi- eta behe-mailako primateen ezaugarriak omen ditu. Fosil horiek guztiak gizakia eta tximinoen aspaldiko arbaso komunak izan daitezke eta gure eboluzioan dauden hutsuneak betetzen lagun gaitzakete. Aztarnak Asian aurkitu izanak, interes berezia ematen dio gainera aurkikuntzari, gizakion sorrera-gunea Afrikatik aldenarazten baitu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia