Presiopean, altzairua bezain gogorra aluminioa
2010/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Arintasuna kendu gabe, kondizio normaletan ez duen ezaugarri bat eman dio aluminioari nazioarteko materialen zientzialarien talde batek: gogortasuna. Ohiko aluminioak jasan dezakeen zama halako hiru jasan dezake sortutako aluminio berriak.
Portaera-aldaketa hori eragiteko, HPT edo presio handiko tortsio deritzon teknikara jo zuen Australiako, Errusiako eta Estatu Batuetako zientzialariz osatutako ikertzaile-taldeak. Bi inguderen artean magnesio eta zink pixka bat zituen aluminio-aleazio bat jarri, eta zentimetro karratuko 60.000 kiloko presioa eragin zioten. Hilabetez eduki zuten metala egoera horretan. Hala, presioari eta presiopean emandako denborari esker, aldatu egin zen metalaren oinarrizko egitura.
APT tomografia bidez ikusi ahal izan zuten aluminio-aleazioaren osagaiak berrantolatu egin zirela: aluminiozko pikorrak txikitu egin ziren, eta zink- eta magnesio-atomoak hainbat tamainatako multzotan bildu ziren.
Zientzialariek ezin izan dute argitu zer dela eta bihurtzen den gogorragoa aluminiozko aleazioa antolaketa aldatzean. Azalpena edozein dela ere, askotariko erabilerak proposatu dituzte propietate horiek dituen aluminioarentzat; hasi hegazkinen eta autoen osagaietatik, eta soldaduentzako arropetaraino.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia