Poluzioaren aurkako bakterioa
1991/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Japonia eta EEBBen artean orain dela hiru urte hasi ziren ikerketa-programa amankomunak garatzen. Orain dela gutxi, lankidetza-programa erabat berria aurkeztu dute. Hondakin-olioak eta beste poluitzaile kimikoak degradatzen dituen mikroorganismoren bat aurkitu nahi da.
Proiektuak bost urte iraungo du eta 15 milioi dolar gastatuko dira. Aurrekontua erdibana ordainduko dute estatubatuarren eta japoniarren artean eta gauza bera gertatuko da lan egingo duten 20 ikertzaileekin, hots, erdiak japoniarrak izango dira eta beste erdiak estatubatuarrak.
Urte luzetan lehia bizian aritu dira japoniarrak eta estatubatuarrak. Hala ere, 1988. urtean elkarren artean zientzia eta teknologiaren garapenerako oinarrizko akordioa sinatu zutenetik, proiektu hau izango da garrantzitsuena.
Michiganeko unibertsitateko James Tiedje-k dioenez, mikrobioak dira produktu organiko natural guztien hondakinak azkena kontsumitzen dituztenak. Beraz, injinerutza genetikoan eta mikrobioak ezagutzeko eboluzioan oinarrituz, gizakiak sortutako poluitzaileak degrada ditzaketen mikrobioak sortu nahi dira.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia