Poltsikoko elektrokardiografoa
2002/01/09 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Tresna hori benetan erabilgarria da eta, tamaina txikikoa denez, anbulantziatan eraman ahal izango da. Horri esker, adibidez, bihotzekoak emandakoari tokian bertan egin ahalko zaio elektrokardiograma.
Elektrokardiografoek bihotzaren jarduera elektrikoaren seinaleak jasotzen dituzte, eta bihotzeko krisiak, arritmiak eta bihotzeko beste arazo batzuk detektatzeko erabiltzen dira. Onartu berri den poltsikoko elektrokardiografoa ordenagailu eramangarri bat bezain txikia da. Bihotz-taupada bakoitzak sortutako korronte elektrikoa detektatzen duten hamabi elektrodo ditu. Pazientearen bularrean jasotako seinaleak kable baten bidez tresnaren gainaldera itzultzen dira. Sendagileak PDAren (Laguntzaile Digital Pertsonala) pantailan irakur dezake edota, anbulantziako langileek erabiltzen badute, ospitaleko sendagileari bidal diezaiokete emaitza. Aldi berean, elektrokardiografo tradizionalak erabiltzen duen paperean ere inprima daiteke.
Oraindik ez dute esan zenbat kostatuko den, beraz, batzuen ustez hor egon daiteke koxka: garestiegia bada, ez da asko hedatuko. Aldiz, prezio onargarria badu, orain desfribiladore eramangarriak dituzten bezala, egunen batean AEBetako poliziak ere eraman dezakeela uste dute. Hartara, bihotzekoak emandakoak berehalako arreta jasoko luke.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia