Elhuyar zientziaren komunikazioa

Plutonioa eta uranio pobretua salgai

2001/06/17 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Militarrak, misilak, sufrimendua, gosea, migrazioa, galtzailea eta irabazlea, heriotza... eta arma nuklearrak. Hitz zerrenda luzea erabiltzen da gerrak deskribatzeko. Ondorioak beti izaten dira antzekoak, baina ez dute horregatik axolagabe uzten. Gainera, udaberri hasieran Kosovoko gerran uranio pobretua eta plutonioa erabili izana salatu bazen ere ez da ezer konpondu. Are gehiago, uranio pobretuaren eta plutonioaren merkatu beltza neurri gabe ari da hedatzen.

Mundua mehatxu berri baten aurrean dago: plutonioz eta uranio pobretuz eginiko 3 milioi bonba daude. Estatu Batuak plutoniozko lehen bonba 1945ean jaurti zuen eta uranio pobretuz eginiko armak, berriz, lehen aldiz, 1991n Iraken erabili zituen. Geroztik, gerrak irabazteko ezinbesteko materiala balira bezala, 1995ean Bosnian eta 1999an Kosovon ere erabili dituzte. Ondorioz, erradioaktiboa den 300.000 kilo inguru uranio pobretuaren hautsa barreiatu zen Irak, Kuwait eta Saudi Arabia inguruetan eta 300-800 bala daude Iraken eta Kuwaiten lurperatuta. Bosniako eta Kosovoko gerretan ere uranio pobretuz eginiko 9.000 eta 15.000 proiektil jaurti zituztela, hurrenez hurren, aitortu zuten Estatu Batuetako eta Ingalaterrako armadek (Roger Coghill biologo ingelesaren arabera, Kosovon eta Serbian 500.000 uranio pobretuzko obus jaurti zituzten).

Ingurugiroan eta osasunean eragin zuzena izan duela diote aditu gehienek. Gainera, udaberri hasieran soldaduengan leuzemia kasuak ugaritu egin zirela zabaldu bazen ere ondorio lazgarrienak bertako biztanleek pairatuko dituzte. Oraindik ere, datuak zehazteke badaude ere, aditu batzuen arabera, Kosovon 10.000 lagun hilko dira uranio pobretuagatik. Gainera, Persiako Golkoko gerran parte hartu zuten 697.000 soldadu estatubatuarretatik 130.000ek arnas-, gibel eta giltzurrunetako disfuntzioak, memoria galtzea, buruko minak, sukarra... eta beste gaixotasun batzuk ditu.

Zer dira uranio pobretua eta plutonioa?

NATOk uranio pobretuzko obusak erabili ditu Iraken, Bosnian eta Kosovon.

Plutonioa elementu kimiko erradioaktibo ezegonkorra da, baina naturan ez dago. Elementu artifiziala da eta uranioa neutroiz bonbardatuta lortzen da. Oso arriskutsua da igortzen duen erradioaktibitatea dela eta. Bonba atomikoak egiteko eta erreaktore nuklearretan erregaitarako erabiltzen da. Plutoniozko lehen bonba 1945eko uztailaren 16an Mexiko Berriko basamortuan jaurti zuten.

Uranio pobretua arma atomikoetan eta zentral nuklearretan erabiltzen den uranio aberastuaren hondakina da. Erreaktiboa izanagatik (uranioaren beste isotopo batzuk ez bezala), bere horretan ez da arriskutsua; baina inpaktu baten ondorioz metala hauts bihurtu eta berez su hartzen du. Horrela, material militarra jaurtitzean, partikula erradioaktibo txikiak sortzen dira. Haizeak partikula horiek barreiatzen ditu, eta inguruko biztanleek eta animaliek arnastu, eta biriketara edo giltzurrunetara iristen dira. Gorputzarentzat oso zaila da partikula horiek deuseztatzea, eta partikula horiek neurriz kanpo arnasteak epe ertainera gaixotasunak sorrarazten ditu: hasi buruko minetik, eta minbiziraino.

Gainera, era berean gaixo daitezke arraza bateko zein besteko pertsonak, gizon ala emakumeak, soldaduak ala zibilak... Triskantza ikaragarria eragiten dute material militar nuklearrek. Baina azken finean ez dago onura ekartzen duen gerrarik eta, beraz, uranio pobretua erabiltzea ez da hain harrigarria egiten (nahiz eta beti den mingarria). Baina, esan bezala, etsaia ez ezik, uranio pobretuzko bonba erabiltzen duen soldaduak berak du gaixotzeko probabilitate handia. Hori jakinik, zergatik jarraitzen dute uranio pobretuzko material militarra erabiltzen?

Plutoniozko lehen bonba atomikoa 1945ean jaurti zuten mexiko Berriko basamortuan.

Erantzuna bakarra da: militarrek uranio pobretua bere masa txikiagatik erabiltzen dute. Energia zinetikoa handitzen du eta, ondorioz, munizioaren barneratzeko ahalmena handitzen da. Horrela, obusak edozein blindatze-sistema gainditzeko ahalmena du. Osasunerako kaltegarriak izan ala ez, armadari berdin zaio. Material militar nuklearra erabiltzearen alde dago, Alain Richard defentsa ministro frantsesa bere ustez "ez erabiltzea aurrez aurreko batailetan abantaila galtzea izango bailitzateke".

Plutonioaren merkatu beltza

Jantzi eta maskarak ezinbestekoak dira arma nuklear eta biologikoetatik babesteko.

Hain elementu arriskutsuak izanik, harrigarria da plutonioa eta uranio pobretua merkatu beltzean zein erraz eskura daitezkeen ohartzea. Material erradioaktiboa oharkabean desagertzen ari da, mugetan ez dago kontrolik, kontrolerako materialak ez dabiltza eta kontrabandoa oso zabalduta dago. Hori da elementu erradioaktiboen salerosketen egoerari buruz Nazioarteko Energia Atomikoaren Agentziak maiatzean Stockholmeko kongresuan eginiko deskribapena.

1993tik material nuklearren garraioan 550 istripu gertatu dira, eta 1999. eta 2000. urteetan 1996an baino bi aldiz istripu gehiago kontatu dira. 2001eko lehen hiruhilabetekoan, berriz, 20 kasu baieztatu dira. Baina harrapaketa horiek uranio pobretuaren eta plutonioaren merkatu beltzean hutsaren hurrena dira. Izan ere, Ian Ray alemaniar adituaren arabera, merkatu beltzean salerosten den elementu erradioaktiboen % 5-10 soilik harrapatzen da. Kongresuan azpimarratu zenez, detektagailu zaharkituak eta lege desegokiak dira trafiko hori hain erraza izatea egiten dutenak.

Kongresuan, merkatu beltz horrek suposatzen dituen arriskuak behin eta berriz azpimarratu dituzte. Edozeinen esku geldituta, nahikoa baita ohiko bonbekin konbinatzea gune zabalak poluitzeko edo, besterik gabe, edozein eraikuntzatako aire-sistemen bidez barreiatzeko. Baina, azken finean, arazoa ez da uranio pobretua eta plutonioa armadaren edo mafiaren esku egotea. Nork fabrikatzen dituen eta ingurugiroa eta osasuna zenbat kaltetzen dituzten baizik.

7K-n argitaratua

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia