Pluton, orain plutoidea

Badirudi astronomoek ezin dutela bakean utzi Pluton... orain dela bi urte eskas, planeten kategoriatik atera, eta planeta nano izendatu zuen Astronomoen Nazioarteko Batasunak. Eta, orain, kategoria berri bat sortu du planeta nanoen barruan: plutoideak. Esan dutenez, plutoideek Eguzkiaren inguruan biraka dabiltzan gorputzak izan behar dute, Neptunorena baino orbita handiagoan biratu behar dute, itxura biribilari eusteko nahikoa masa (eta grabitate-indar) izan behar dute, eta haien orbitan bertan beste gorputz batzuk izan behar dituzte. Hau da, Plutonen antzeko ezaugarriak dituzten gorputzak dira plutoideak.

Oraingoz, bi plutoide ezagutzen dituzte: Pluton bera, noski, eta Eris. Ezagutzen duten hirugarren planeta nanoa, Zeres, ez da plutoide bat, besteen antzekoa bada ere, Marte eta Jupiter artean dabilelako biraka.

Planeta nanoen artean sartu zutenean eztabaida sortu zen astronomoen artean, eta orain ere sortu da. Astronomo batzuek uste dute ez duela ezer berririk ekartzen horrelako sailkapenak egiteak. Adibidez, Alan Sternek, NASAk Pluton aztertzera bidali zuen New Horizons misioaren ikertzaile nagusiak berak, esan du plutoide izena bezain baliagarria izango litzatekeela hemorroide izena, bata zein bestea sailkapen hutsal baten izenak liratekeelako.

Irudia: NASA/ ESA/ G. Bacon

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia Elhuyar Fundazioko Zientziaren Komunikazioa sailean ari da lanean 2006ko urriaz geroztik. Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkarian ia hilabetero artikuluak argitaratzen ditu, eta Basque Research webguneko arduraduna eta erredaktorea ere bada. Euskal Herrian egiten den ikerketaren berri ematen du Basque Researchek. Biologian lizentziatua da, Leioako EHUn egin zituen ikasketak, eta, Elhuyar Fundazioan baino lehen, Bertiz Jaurerria Parke Naturalean aritu zen lanean, bisitariei harrera egiten eta ingurunea zaintzen.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Astronomia