Plazeboak: azukrezko pilulak
2001/11/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hala ere, medikuntza modernoaren hasiera arte, plazeboek ez zuten gaur egungo esanahia. Antzinako gizarteetako sendagileek pertsona tratatzen zuten gaixotasuna baino gehiago, gaitza zerk sortzen zuen ez zegoelako orain bezain garbi. Beraz, sendagile horiek gorputza eta arima osotasunean hartzen zuten, eta ez zuten bereizten emandako botika edo medikuaren jarduna izan zen sendabidea.
Medikuntzak aurrera egin ahala, eragin fisikoak eta psikologikoak bereizi ziren, eta gaixoek botiketan edo sendagilearengan zuten sinesmenaz baliatuz, plazeboak sintomak sendatzeko erabili ziren XIX. mendeko erdialdera arte.
Alabaina, Robert Coch eta Louis Pasteur zientzialariek bakterio jakin batzuek gaixotasun zehatzak eragiten zituztela eta gaixotasun horiek sendagai aproposekin senda zitezkeela azaldu zutenetik, plazeboekiko ikuspuntua aldatu egin zen. Izan ere, medikuntza modernoak, farmazia-industriak eta estatuetako legediak sendagaien eraginkortasuna eta segurtasuna frogatzea eskatzen dute. Horretarako, sendagaiaren eragina beste eragile batzuetatik bereizi behar da, hala nola, berezko aldaketak, gaixotasunaren bilakaera naturala, behaketa alderdikoiak edo gaixoen aukeraketa zorizkoa izan beharrean norbaiten interesen araberakoa izatea.
Hori guztia kontuan izanda, 40ko hamarkadatik aurrera sendagaien proba klinikoak egiteko plazeboak erabiltzen hasi ziren. Horrela, gaixoak bi taldetan banatzen ziren: batak tratamendua jasotzen zuen eta besteari (kontrol-taldea) plazeboa ematen zitzaion. Kontrol-taldeak azaltzen zituen aldaketa fisikoei edo psikologikoei plazebo-efektua deitzen zitzaion, eta bi taldeen bilakaera alderatuz, tratamenduaren eraginkortasuna neurtzen zen.
Geroztik, proba klinikoak antzera egin ohi dira. Aldi berean, plazebo-efektuaren zergatia argitu da eta hauek dira azalpen nagusiak. Batetik, tratamendupean dagoela pentsatuz, gaixoaren antsietatea gutxitu egiten da eta, ondorioz, bere sistema immunea hobetu egiten da. Bestetik, itxaropena pizten da eta gaixoak edozein hobekuntza antzeman egiten du; beraz, gaixoak bere jokabidea aldatu eta sendatzeko ahalegina egiten du. Gainera, gaixoek aurretik tratamendu bat jaso badute, tratamendu horrek eragindako erantzuna memorian gordetzen da eta plazeboak erantzun baldintzatua eragin dezake. Azkenik, endorfinak jariatzen direnean, jokabide-aldaketak izaten dira, antsietatea eta estresa gutxitu egiten dira eta sistema immunearen jarduera hobetu egiten da.
Dena dela, zientzialari batzuen ustez, zentzu hertsian ez dago plazeborik, gorputzak (edo buruak) substantzia edo manipulazio guztiak prozesatzen dituelako; ondorioz, erantzun fisiologikoa eragiten dute, eta erantzun hori pertsonaren araberakoa izango da. Adibidez, arnastutako gatz-soluzioak asmatiko batzuei asma-krisia eragiten die; beste batzuei, aldiz, bronkoespasmoa arintzen die. Kasu horretan, zer litzateke plazeboa eta zein plazebo-efektua?
Horretaz aparte, azken aldian zenbait ikertzaileek alderdi etikoa ere kontuan hartu behar dela diote. Esate baterako, proba klinikoetan kontrol-taldeari mesede egin liezaiokeen botika ez emateak arazo etikoa dakar. Eta plazebo-efektuari esker kontrol-taldekoek osasun-egoeran hobetzea sumatzen badute ere, iruzurpean izango da, gaixoek tratamendutzat zuten plazeboari egotziko baitiote hobekuntza. Helsinkiko Adierazpenaren arabera, sendabidea baduen gaixotasun batentzat sendagai berria probatu nahi bada, ez da etikoa plazeboak erabiltzea.
Bestalde, The New England Journal of Medicine aldizkari espezializatuak plazeboari buruzko lan bat argitaratu zuen. Aurretik egindako ikerketetan plazebo-efektua frogatutzat ematen zen. Esate baterako, 1955eko Beecher zientzialariaren “The powerful placebo” (Plazebo ahaltsua) artikulu ezagunean, arrazoi objektiborik gabeko hobekuntza kasuen % 35 inguruan izaten zela azaltzen zen.
Asbjorn Hrobjartsson eta Peter Gotszche ikertzaileek, ordea, 130 proba kliniko aztertu dituzte; horietako batzuetan gaixoei plazeboa eman zitzaien eta besteetan ezer ez. Plazeboa farmakologikoa (adibidez, laktosa-pilula), fisikoa (itzalitako makina baten bidez nerbioak kitzikatzea) edo psikologikoa (elkarrizketa neutrala) izan zitekeen, eta 40 gaixotasun aztertu zituzten (hipertentsioa, asma, anemia, bakterio-infekzioa, obesitatea, antzutasuna, depresioa, eskizofrenia, epilepsia, Parkinson, Alzheimer eta abar). Proba kliniko ezberdinetan banatuta, guztira 17.050 gaixoek hartu zuten parte.
Ondorioa esanguratsua izan zen ikertzaileentzat. Hain zuzen ere, oro har plazeboek ia ez zutela eragin klinikorik ondorioztatu zuten; eragin hori minaren tratamenduan besterik ez zen nabaria. Horregatik, artikuluaren egileek proba klinikoetan plazeboak ez erabiltzea aholkatzen dute.
Ziurrenik, hemendik aurrera ere plazeboak erabiltzea aproposa edo zilegi den eztabaidatzen jarraituko dute adituek, baina azkenaldian joera aldatzen ari dela argi dago. Gero eta ikertzaile gehiagok proba klinikoak beste era batera egitea proposatzen dute eta, sendagileen artean ere, gaixoei plazeboak agintzea ez dago garai batean bezain ondo ikusia. Dirudienez, batzuen ikuspuntutik, azukrezko pilulak urtu eta egotzi zitzaien indarra disolbatu egin da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia