Plastisferako mikroorganismoak bereziak direla baieztatu dute
2013/07/23 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Plastisferan dauden mikroorganismoak aztertzen ari dira ikertzaileak. Arg. Erik R. Zettler/Environmental Science&Technology
Zientzialariek plastisfera deitu diete itsas azalean flotatzen duten plastiko-zati txikiek osatzen dituzten ekosistemei. Hain zuzen, Estatu Batuetako itsas laborategi batzuek Ipar Atlantikotik jasotako plastiko-zatiak aztertu dituzte; eta milatik gora mikroorganismo aurkitu dituzte haietan, batzuk, aurrez identifikatu gabeak.
Environmental Science & Technology aldizkarian argitaratu dute azterketa. Artikuluaren arabera, plastiko-zati horietako gehienak milimetrikoak dira, eta haietan garatzen diren komunitateak bereziak direla frogatu dute. Ikertzaileek azaldu dutenez, plastikoen ezaugarriak oso desberdinak dira itsasoan flotatzen duten beste materialetatik (lumak, egur-zatiak, algak...); horregatik, ez da harritzekoa plastisferan bestelako bizidunak haztea.Ikertzaileen plastisferako mikroorganismoak aztertzeko garrantzia nabarmendu dute, ondorio nabarmenak izan ditzaketelako, bai onerako bai txarrerako. Adibidez, mikroorganismo horietako batzuk plastikoa degradatzeko gai direla erakutsi dute. Baina, haiekin batera, giza osasunerako kaltegarriak diren espezieak ere bizi dira (hala nola, Vibrio generoko bakterioak), eta, haientzat, plastiko-zatiak garraiobide aproposa dira.
eu es fr en ca gl
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia