}

Plasmaren erabilera ehungintzan

2000/01/18 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Besteak beste, jantziak tintatzeko eta azalari ezaugarri bereziak emateko prozedura alda dezakeen teknika

Presio eta tenperatura baxuko plasmen teknologia 1960ko hamarkadan erabiltzen hasi zen elektronikari lotuta dauden aplikazio industrialetan. Hogei bat urte geroago erabilera esparru berrietan zabaldu zen, batez ere, metalez eta polimeroez egindako produktuetan. Orain ehungintzan ere plasmak ustiatu nahi dira.

Suediako Institute of Fibre and Polymer Technology Research (IFP) zentroak eta Plasma Ireland enpresak Plasmatex izeneko proiektua jarri dute martxan. Etorkizunerako teknologia berri baten baliagarritasuna frogatu nahi dute: ehungintzarako plasmaren bidezko tratamendua, presio atmosferikopean.

Ehungintzako tratamenduetan produktu likidoak dira nagusi. Likidoak ehunaren zuntzen arteko zulo guztietatik sartzen dira normalean. Plasmek sortzen duten erreakzioak ehunaren gainazaletan bakarrik gertatzen dira. Oro har, 100 angstromeko geruza mehean baino ez dute eraginarik (angstrom bat mikra baten hamar milarena da, atomo baten tamainako neurria gutxi gorabehera).

Aplikazio erakargarriak

Azaleko ekintza oso ezaugarri interesgarria izan daiteke. Gainera, ez da bakarrik ehun artifizialetan erabilgarria, ehun naturalen lantze prozesuetan ere lagungarri gertatzen baita barne egituran ondoriorik sortu gabe. Adibidez, jantzi baten azala iragazkorra, iragazgaitza edo erregaitza bihur daiteke. Zuntz artifizialak tintatzea ez da prozesu erraza, baina plasma egokiaren eraginez pigmentuaren finkaketa hobetu daiteke neurri handi batean. Azkenik, fluorra duten plasmak medikuntzan erabiltzen diren ehunen ezaugarriak hobetu daitezke. Ehun horiek transplanteetan erabiltzen direnean, biobateragarritasuna handia izan behar dute bai organoekin baita odolarekin ere (hemobateragarritasuna, hain zuzen ere).

Likidoen aurrean plasmek duten beste abantaila garrantzitsua da lan egiteko kantitate txikiagoak behar direla. Beraz, poluzio txikiagoa sortzen du. Gainera, hondakinen tratamenduen murrizketa eta produktuaren lehorketaren behar eza datoz. Plasmekin egindako prozesuak lehorrak eta garbiak dira eta ez dute hainbeste energia kontsumitzen.

Hainbesteko abantailak izanda, zergatik ez dira plasmak ehungintzan lehenago erabili? Roshan Shishoo IFP-ko zuzendariaren hitzetan: «Nahiz eta laborategian abantaila adierazgarri horiek frogatu, plasmak ehungintzaren arloan ez du arrakastarik izan, industriaren handizkako produkzioarekin bat ez datorren ezaugarri bat baitu. Orain arte garatutako plasmaren teknologia guztia presio txikietan dituzten ezaugarrietan oinarrituta dago». Lanak hutseko baldintzapeko tresna garestiak ezinbestekoak ditu.

Hori da Plasma Ireland enpresak gainditu nahi duen erronka. Horretarako, presio atmosferikopean plasma sistemen belaunaldi berria jorratzen ari da. Egiten ari diren teknologia berriek presio baxukoaren antzerako emaitzak lortzen dituzte. Ez du Europa osoan parekorik. Plasmatex proiektuaren helburu nagusia teknologia hori ehungintzan aplikatzea da. Gainera, Plasma Ireland eta IFP enpresek beste ikerketa zentro bat —Belfast-eko Queen's University-ko fisikako laborategia—, ehungintzarako makinak egiten dituen Web Processing enpresa eta jantziak egiten dituzten sei enpresa gehitu dituzte Plasmatex proiektuan lan egiteko.

Jadanik lanean

Plasma Ireland enpresak egindako hiru prototipo jarri dira martxan enpresa ezberdinetako produkzio kateetan, ikerketa errazteko asmoarekin. Lehenengoa IFP enpresak du eta Suediako enpresek ere badute eskuragarri. Bigarrena Alemanian dago, Kirchhoff enpresan eta hirugarrena Scapa enpresa talde britaniarra ari da probatzen. Plasma atmosferako presiopean erabiltzen duten beste bi sistema bakarrik daude garatze prozesuan indutria mailan munduan; bata Estatu Batuetan, eta bestea, Japonian. «Hala eta guztiz ere, ez dago oraindik aplikazio zabaleko sistemarik ehungintzaren arloan», dio Tony Herbert, Plasma Ireland-eko proiektuaren arduradunak. «Beraz, oso aukera erakargarriak ditugu».

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia