Piztizaleon berriak abendua
1998/12/01 Elosegi Irurtia, Migel M. Iturria: Elhuyar aldizkaria
Mendira irteteko arropa askotxo eramaten ohituta gaude, baina tipulak adina geruza jantzita ere, iparrak jotzen duenean ezin da denbora luzez atarian geldirik egon. Izan ere, sudurra, behatzak..., eta konturatu orduko gorputz osoa, hoztu eta gogortzen baitira.
Aktibitate handiko udazkenaren ondoren negua iritsi zaigu. Animalia batzuentzat lasaiagoa izan badaiteke ere, negua orokorrean gehienentzat gogorra suertatzen da. Gizakioi dagokigunez, gaur egun ditugun jantzi egokiak, etxea berotzeko sistema modernoak eta abar direla eta, inork gutxik dio beldurra neguari, baina hauxe zen animalia gehienentzat bezala gizakiontzat ere urtaro gogorrena. Gogoan dut gure herriko aiton batek tenore honetan botatzen zuen esaldi tristea: "Ea negua pasa eta udaberriraino iristea lortzen dugun." Eta hauxe bera izanen da, hain zuzen ere, animalien hurrengo hilabeteetako erronka: udaberriraino iristea.
Iparraldeko bisitariak
Turismo-bulegoetan bestela uste badute ere, hauxe izan daiteke Euskal Herrian atzerriko bisitari gehien dugun garaia. Izan ere, sasoi honetan migrazioan etorritako milaka eta milaka hegazti dabiltza gure lurraldean barrena bazka bila.
Basoan emandako bi orduko itzulian, Eskandinaviako txontak, Poloniako mokolodiak, Eskoziako kaskabeltzak eta Bretainiako oilagorra altxa daitezke.
Norbaitek pentsa lezake ezinezkoa dela nongoak diren jakitea eta egia esan, ez da batere erraza. Dena den, ornitologoek hegaztiei jartzen dizkieten eraztunen bidez, hau eta askoz ere informazio gehiago jasotzen da, eta pixkanaka, negua bertan pasatzen duten hegaztien jatorria argitzen ari da.
Zaborra jaten
Urdaila bertsotan hasiz gero espezie askok azken aldian ugarien dugun bazkari ez dio muzin egiten. Gizakion inguruan bakerik ez badago ere… zaborra pilaka dagoenez, hainbat animaliak guk sortutako hondakinak aprobetxatzen ederki ikasi dute. Honela bada, bisitatzeko leku erakargarrienak ez badira ere, zabortegietara bisitan joatea piztizaleontzat aberasgarria gerta daiteke oso.Izan ere, arratoiak, azeriak, miruak, beleak, eta batez ere kaioak bazkatzen ikusteko leku aproposak dira. Amiamoko zuriek ere elikagai-iturri hau ustiatzen dute eta dirudienez, honek azal dezake, neurri batean behintzat, hegazti hauen migratzeko ohitura-aldaketa. Izan ere, garai batean ez bezala, gaur egun zikoina zuri batzuk Iberiar penintsulan bertan gelditzen dira Afrikara iritsi gabe.
Ubarroiak Lasarte-Orian
Arrantzaleek gehiegi maite ez dituzten arren, gero eta gehiago dira gure lurraldera negu-pasa hurbiltzen diren lertxun eta ubarroiak. Azken urteotan, asko dira esate baterako Lasarte-Oria inguruan autobidearen pareko zuhaitzetan elkartzen direnak. Ez ote dute kotxe eta zalapartaz beteriko leku hau baino aproposagorik? Auskalo! Dena den, lekua gustukoa dutela dirudi, iaz 100 ubarroitik gora ikus baitzitezkeen ia egunero Oria ibaiaren inguru horretan. Nolanahi ere, erne ibili hauek ikusi nahi baldin badituzue, eta noski, kotxea errepidetik kanpo utzi ondoren begiratu, autobidetik egitea arras arriskutsua da eta.
Beste batzuk araldian
Gizakioi, (ia?) urte osoa araldian ematen dugunez, arraroa gerta lekiguke beste animalia batzuek hala ez jokatzea. Alabaina, gainontzeko animalia espezietan normalena ugaltzeko tenore finko samarra izatea da.Azeriaren araldia, adibidez, hilabete honen bukaera aldera hasiko da. Basurdeena ere oraintsu gertatzen da, eta aketzek kirats berezia botatzen dute. Emeak estali nahian, arren artean liskarrak sor daitezke eta ez da arraroa izaten batak besteari letaginekin zarrataren bat egitea.
Saiak ere araldian ditugu. Dotore asko, eztei-hegaldian bikoteak bata bestearen gainean zeruan bueltaka planeatzen du, eta une batean, goian dagoen arra hankak luzatuz azpian duen emea ukitzen saiatuko da. Gero, arkaitz-labarren batean zalapartaka kopulatuko dute eta egun batzuen buruan erruten hasiko dira. Putreak, beraz, gure hegaztien artean goiztiarrenak dira erruteko orduan, eta batzuek hilabete honen erdialderako egingo dute!
Muturluzea ibaietan
Muturluze piriniarra, Pirinioetatik hasi eta Kantauriar mendikaterainoko ibai eta erreka garbietako ugaztun xelebrea dugu. Satorraren antza du, baina honek ez bezala, muturluzeak buztan luze-luzea ageri du. Uretako ornogabe-ehiztari amorratua da eta atzeko hanka palmatuaz baliatuta ikaragarrizko erraztasuna du errekako harri-tartean hauen bila ibiltzeko. Ugaztun honen tamaina txikia dela eta, gorputzaren tenperatura mantentzeko premia metaboliko handiak ditu, eta ehizean jo eta ke ari behar du. Negu aldera, tenperaturak jaitsi eta ibaiak hazi egiten direnez, garai latzak irits daitezke ugaztunezezagun hauentzat.
Negurako janaria gordetzen
Asko dira negurako janaria gordetzen duten espezieak: erleak, txingurriak, lepazuriak, katagorriak edota... gizakiak ere. Bai horixe! Gaur eguneko bizimoduan nabarmen antzematen ez bada ere, duela urte gutxira arte baserrietan txukun-txukun prestaturik egoten ziren irina, gaztainak, eztia, gatz edo oliotan kontserbaturiko elikagaiak, eta abar pilatuta. Ohizkoa zen, eta izaten jarraitzen du oraindik ere, tenore honetan txerri-hiltzea. Txerria hil ondoren, odolkiak, txistorrak, urdaiazpikoak-eta prestatzen ziren behar zenean jateko. Gaur egun eta hozkailu eta izozkailuak erabiltzen direnetik, garai bateko kontserbek garrantzia galdu dute.
Hibernatzaileak lotan
Shhhhh! Ez oihurik egin, lotan dago eta! Elurrak erdi estaliriko zuloan oihanetako jauna lotan dago. Sendo, lodi, ilaje bikainez jantzita, hartzak estrategia bikaina du neguari aurre egiteko: energiarik ia ez erretzea. Beste hainbeste egiten dute muxarrek, marmotek, edo saguzarrek. Animalia hauek guztiak hibernatzaileak dira eta uda bukaera eta udazken aldera bapo janez, gantza metatu zuten. Aldi berean, neguko zuloa prestatzeari ere ekin zioten (marmotak belar lehorreko ohe goxoa egin zuen, eta hartzak adarrezko kamaina erosoa) eta negua hasi bezain laister zulora sartu ziren.
Dena den, ez pentsa gero hibernatzea erraza denik! Izan ere, oso gutxi dira hau egin dezaketen odol beroko espezieak. Hibernazioan metabolismo-mailak behera egiten du eta horretarako aldaketa sakonak eman behar dira: bihotz-taupaden erritmoa eta gorputzeko tenperatura jaitsi egiten dira, eta arnasa guztiz moteldu; eta horrelaxe, loaldi sakon horri eutsiko diote udaberria iritsi bitartean. Ordura arte ongi lo egin, eta negu ona pasa!
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia