}

Piztia txikiaren mehatxua

2001/12/01 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

5,3 milioi pertsona kutsatu ziren iaz Giza Immunoeskasiaren birusarekin (GIBarekin); hiesa zuten pertsonen kopurua, berriz, 6,1 milioikoa izan zen, eta hil, 3 milioi pertsona hil ziren hiesaren ondorioz. Datuak hotzak direla diote, baina datu horien aurrean ez dago hotz geratzerik. Mugarik gabeko gaixotasuna da hiesa, bizitza estilo modernoaren isla: ez du muga geografikorik, ez eta muga biologikorik; jantziz aldatu, ezagutzen ez zitzaion aurpegiak erakutsi eta ugaritzen trebea baita. Ia Interneteko birusak baino aldakorragoa da. Hortik dator txertoeraginkorra lortzeko zailtasuna. Internetek aldatu omen du mundua, baina hiesa ez zaio atzean geratu: herrialde garatuetan drama bihurtu da eta txiroetan, berriz, tragedia. Afrika beltzak dagoeneko ez du etorkizunik, milioika lagun hil ditu hiesak, gazteak batez ere. Asiako errealitatea ez da, oraindik, hain gordina izatera iritsi, baina iritsiko omen da. Hemen, herrialde garatuetan, gizarteak hiesarekin bizitzera ohitu behar izan du, hiesdunak onartzen ikasi, eta seropositiboek hiesarekin bizitzen ikasi behar izan dute. Tratamendu erretrobiralek itxaropenerako ateak ireki dizkiete, putzutik atera dituzte... hirugarren munduak, ordea, ez du horrelako aukerarik izan, eta, gauzak aldatzen ez diren bitartean, ez dirudiizango duenik ere. Beraz, txerto eraginkorrean izan behar itxaropena.Eta horretan ere hiesak aldatu egin du zientzia eta ikertzaileenlana, gaixotasun honek 20 urte betetzen dituen honetan egunero milaka ikertzailek elkarrekin lanean dihardutelako ezagutzen den birus mutanteenaren aurkako borrokan garaile atera ahal izateko. Bitartean, elkartasun apur batek ez lioke inori kalterik egingo, ihesik gabe. 1981ean izan zen lehenengo aldiz hiesaren berri, eta orduz geroztik makina bat ikertzaile aritu da lanean; batetik, gaixotasuna sortzen duen birusaren jatorria ezagutzeko, eta, bestetik, birusetik babestuko duen txertoa garatzeko. Biologiaren historian inoiz ez da horren denbora laburrean horren ikertzaile talde handia arlo berean lanean jarri, eta, hala ere, oraindik ez da kontu bat ez bestea argitu. Zer du, bada, birus horrek, mundu erdia hankaz gora jartzeko?

Piztia txikiaren mehatxua

Ameriketatik etorri zen hiesaren berria. Itxuraz osasuntsu zeuden bost homosexual pneumoniak jota azaldu ziren; ondoren, beste homosexual batzuek ere ohikoak ez ziren gaixotasunak garatu zituzten. Bestalde, drogak kontsumitzen zituzten beste hainbat gizonezko ere antzeko egoeran azaldu zen. Gaixotasun desberdin horien guztien atzean faktore komun bat ageri zen baina: gaixo guztien sistema immunologikoa ahulduta zegoen. Hortik aurrera, sexu-jariakinen eta odolaren bidez kutsatzen zen gaixotasun hura mundu osoan zabaldu zen, heterosexualetara, emakumezkoetara... giza talde guztiak ukitu arte.

Berehala hasi ziren gaitz arraro hura eragiten zuen birusaren jatorria argitu nahian. Hasierako hipotesien arabera, 70eko hamarkadan Kongora joandako turista iparramerikar homosexualak kutsatu egin ziren eta gaitza garatu zuten. Antza, birusa Afrika ekuatorialean finkatua zegoen, baina horko populazioarekin pakean bizi zen; horiek ez zuten gaixotasuna garatzen. Baina azken hamarkadetako bidaiari-mugimenduaren ondorioz, birusa natiboen odol-ezaugarriak ez zituzten pertsonekin jarri zen harremanetan, eta azken horiek, birusaren infekzioarekiko sentiberagoak izanik, gaixotasuna garatu zuten.

Egia esan, ez litzateke hori gertatzen den aurreneko aldia izango. Espainiar konkistatzaileek zeramatzaten patogenoek ere milaka indigena amerikar kutsatu eta gaixotu zituzten duela bost mende. Leku askotan, baztanga eta gripea eragiten duten birusek populazioaren % 80ren heriotza eragin zuten. Lehenengo hipotesi haren arabera, hiesaren kasuan ere antzeko zerbait gerta zitekeen.

Hipotesi berriagoek, ordea, oso bestelako azalpena eman dute. Edward Hooper ikertzailearen ustean, Polio birusaren aurkako txertoarekin batera iritsi zen Giza Immunoeskasiaren Birusa (GIB) gizakiengana. Polioaren aurkako txertoa Philadelphiako Wistar Institutuan garatu zuten, 50. hamarkadan, txinpantzeen giltzurrun-zelulen kultiboak erabilita. 1957 eta 1959 bitartean, Kongon milioi bat gizakirekin probatu zen polioaren aurkako txerto hura, eta hiesa lau haizetara zabaldu zen.

Ikertzaileek erabilitako txinpantze-zelulak al dira hiesaren iturburua?

Hooperren ustez, giltzurrun-zelula haiek Tximinoen Immunoeskasiaren Birusarekin kutsatuta zeuden, eta txertoa gizakiekin probatzean, birusa bere ostalari berria infektatzeko gai izan zen, eta heriotza ekarri zuen. Beste ikertzaile batzuek, ordea, Hooperren hipotesia alboratu nahi izan dute, beren esanetan txinpantze-zelula horiek Kongon bertan erabili baitziren Philadelphiatik ekarritako txertoaren lagin gehiago lortzeko. Hala ere, nekez uler daiteke 50eko hamarkadan Kongon horrelako teknikak erabiltzeko aukera izatea.

Oraindik ez da birusaren jatorria argitu, baina badirudi Kongon sortu zela lehendabiziko aldiz, bertan azaltzen baita birusaren aniztasunik handiena. Kongon bakarrik gainerako herrialde guztietan batera baino aniztasun handiagoa dago. Aniztasun hori mutazio prozesu luze baten ondorio baino ezin da izan, eta, beraz, birusak Kongon beste inon baino denbora gehiago daramala ondoriozta daiteke.

Izatez, GIBak, infektatutako indibiduo bakarrean, gripearen birusak epidemia osoan baino aldaera genomiko handiagoa sor dezake. Zaila da, hortaz, GIBak kutsatutako milioika pertsonengan egon daitekeen aniztasunaz jabetzea. Horren aldakortasun handia duen birus baten aurkako txertoa garatzeak zailtasun handia du, batak ez bada besteak saihestuko baititu gorputzaren zaindariak.

Hiesaren kasua oso berezia izan da zientziaren barruan; bat-batean, milaka zientzialari jarri ziren gai horren inguruan lanean. Horrela, 1981ean gaixotasunaren lehenengo kasua ezagutu, eta bi urte baino lehen identifikatu zuten birusa. 1985erako birusaren transmisio-bideak ezagunak ziren, eta 1986rako lehendabiziko botika antibiralekin saiakera klinikoak egiten ari ziren.

Hala ere, birusaren aldakortasunak asko zaildu die lana zientzialariei. Aurten 20 urte bete dira hiesaren lehenengo kasua ezagutzera eman zenetik, eta, oraindik orain, txertoa lortzeke dago. Baina ikerketa horien emaitzek asko irakatsi dute piztia txiki honen bizimoduaz.

Giza Immunoeskasiaren Birusaren egitura.
Russell Kightley

Txikia erraldoi

Ez da erraza horrelako partikula txiki batek gizakion gorputza kolokan jar dezakeela ulertzea. Animaliok babes-sistema konplexuak garatu ditugu, eta, hala ere, birusak gizakiengan gaixotasun larriak eragiteko gai dira.

Jakina da birusak oso bereziak direla —bizidunak diren ere zalantzan jartzeraino bereziak—; izan ere, gainontzeko bizidunek ez bezala, birusek ez dute antolaketa zelularrik. Bizidun guztien oinarria dira zelulak; hor dago informazio genetikoa irakurtzeko eta proteinak sortzeko behar den makineria guztia. Birusak, ordea, oso sinpleak dira; informazio genetikoa dute, baina, bestela, ezer gutxi. Giza immunoeskasiaren birusak, esaterako, 9 gene baino ez ditu, eta gizakien zelulek, aldiz, 40.000 genetik gora.

Hori da egitura zelularrik ez izatearen arrazoia, azken finean, horren gene gutxirekin ez baitauka zelularen makinaria sortzeko adina informazio, eta infektatzen duen zelularena erabili behar izaten du. Zelulara sartuz, ugaltzeko estrategia garatu dute birusek. Zelulak kolonizatu egin behar dituzte: barrura sartu eta beren makineriaren kontrola hartu. Une horretatik aurrera, zelula birusaren esanetara egongo da, eta hori erabiliko du ugaldu eta birus gehiago sortzeko. Horrela, birusak nahi zuena lortuko du: milaka partikula biral gorputzean zehar barreiatzea.

GIBak bederatzi gene besterik ez baditu ere, zelulara sartu eta hura kontrolatzeko behar duen guztia garatu du. Batetik, bere geneak babestuko dituen kutxatila baten modukoa sortu du —nukleokapsidea—, kapsidea gainetik, eta horren inguruan mintz malgua. Zelulek ere badute horrelako mintza, eta horrek horien barnera sartzen lagunduko dio birusari. Bi mintzek bat egin dezakete, uretan bi olio tantak ere bat egiten duten bezala, eta birusaren kapsidea zelularen barruan azalduko da.

Afrikan 1,5 milioi haurrek dute hiesa; ondorioz, zaila da polioa bera ere desagertaraztea.

Gainera, mintz horretan arantza-proteinak dauzka birusak. Horiek giltzaren modukoak dira: dagokion zerraila duten zeluletan baino ezingo dira sartu. Horregatik ez dute edozein zelula-mota infektatzen.

GIBaren estrategia

Giza gorputza gaztelu baten modukoa dela esan daiteke. Horiek bezala, oso babes sistema garatua dauka: immunitate-sistema. Partikula edo bizidun arrotzen bat sartzen denean, gorputza zaintzen dutenek aurre egiten diote.

Orokorrean, birusek eta bestelako mikrobioek gorputzeko organo edo ehun jakinak (gibela, hestea, etab.) infektatzen dituzte, eta orduan, gorputzaren zaindariek patogenoa ezagut eta suntsi dezakete. GIBak garatu duen estrategia, aldiz, oso bestelakoa da: horrelako organoak infektatu beharrean, zaindariei eraso egin eta infektatzen ditu. Horrela, gorputza zaindaririk gabe utziko du; ezingo dute birusa suntsitu, eta bestelako patogenoen aurrean ere babesik gabe geratuko da gizakia. Egoera horretan, patogenoak lasai asko sartuko dira gorputzean, geratzen diren zaindari ahul gutxi horien beldurrik gabe.

Zaindariak —T linfozitoak, kasu honetan— suntsitzeko, GIBak horien zerraila (CD4 molekula) ezagutzen duen giltza dauka; horregatik dauka zaindariaren barrura sartzeko aukera. Zaindaria kolonizatuta, birusaren proteinak sortzeko programatuko du horren makineria. Birusak ugaltzeko erabiliko du zelula, eta, gerora, zaindari gehiago suntsitzeko. Horrela, linfozitoak infektatzen joan ahala, gaztelua zaindaririk gabe, eta, beraz, babesik gabe geratuko da.

Inguruko bizkarroientzat, aukera paregabea

Babesik gabeko egoera horrek beste mikroorganismoei ateak irekita utziko dizkie. Bestetan ez bezala, oraingoan inork suntsituko ez dituen ziurtasunaz ibiliko dira, eta infekzioan arrakasta izateko aukera handia izango dute. Hori dela eta, birusek, bakterioek, onddoek zein protozooek eragindako 100 infekzio oportunista inguru erlazionatu dira hiesarekin. Meningitisa, Kaposiren sarkoma, pneumonia, toxoplasmosia, tuberkulosia, kandidiasia eta herpesa dira gaixotasunik arruntenak.

Egia esan, poliobirusetik eta elgorritik babesteko sortu diren txerto indargabetuak berak ere patogeno arriskutsu bihurtzen dira sistema immunea ahulduta duten pertsona horientzat. Azken finean, horien infekziotik babesteko beharrezkoa baita GIBak kaltetzen duen erantzun immunea. Hori dela eta, Afrikan 1,5 milioi haurrek hiesa izanik, GIBak polioa desagertaraztea ere kolokan jartzen du, ezin baitute horren aurkako txertorik hartu. Era horretara, hiesa duten pertsonak gaixotasun askoren gordailu izaten ari direla adierazi dute adituek.

Egoera horretan, gizakiak infektatu ezin dituzten mikrobioek ere sistema immunea ahulduta duten 37 milioi pertsona dauzkate infektatu eta giza patogeno bihurtzeko zain. Lehenik immunoeskasia pairatzen dutenei egokituko zaizkie eta, ondoren, sistema immune osasuntsua dutenak ere infektatzea lortuko dute. Animalia-jatorriko mikrobio askorentzat, gizaki sentikorren multzo handi hori giza patogeno bilakatzeko aukera ezin hobea izan daiteke.

Birusa: sartu, ugaritu eta atera!
GIBaren arantza-proteinek zelularen CD4 hartzailea ezagutzean (1), birusak zelula egokia aurkitu duela jakingo du. Momentu horretan birusaren eta zelularen mintzek bat egingo dute (2) eta lehenengoaren kapsidea zelularen zitoplasman azalduko da (3). Kapsidea desegitean, nukleokapsideak barnean gordetzen duen material genetikoa askatuko du (4). Alderantzizko transkriptasak ARN hori oinarri hartuta ADNa sortuko du eta hori zelularen genoman integratuko da (5), zelulak berea balitz bezala espresa dezan. Orduan birusaren proteinak eratu eta informazio genetikoa erreplikatuko du. Birusa eratzen duten osagai guztiak batu egingo dira berriz (6), eta zelularen mintz-pusketa bat hartuta kanporatuko dira (7). Birus berriak zelula gehiago infektatzeko prest daude!

Zelula birusaren alde jartzen denean

Zelula kolonizatzen duenean, Giza Immunoeskasiaren Birusaren lehenengo helburua ugaltzea da, birus bat sartu eta ehunka birus atera daitezen. Horretarako, lehenik, bere informazio genetikoa kopiatu behar du, gerora sortuko den birus bakoitzak ere aurrera ateratzeko behar duen informazioa gorde dezan. Informazio genetikorik gabeko partikula batek ez du etorkizunik. Beraz, birus guztientzat informazio genetikoa lortzea izango du helburu lehenengo birus horrek.

Baina, hasteko, informazio genetiko hori espresatu egin behar du, hau da, bertan idatzita dagoen informazioaz proteinak eratu behar ditu. Izan ere, proteina horiek dira zelula kontrolatzen lagunduko diotenak. Birusek garatu duten estrategia sinplea baina aldi berean eraginkorra da, proteina gutxi batzuekin zelula osoa kontrolatzeko gai baitira.

Kutsatutako zeluletatik milaka birus berri kanporatzen dira egunero.

Asmo horrekin, birusak bere informazio genetikoa zelularen genoman integratuko du, zelulari ziria sartu eta berea balitz bezala espresa dezan. Horretarako, ordea, birusak bere informazio genetikoa eraldatu egin behar du. Antolaketa zelularra duten bizidun guztiek, bakterioetatik hasi eta gizakietaraino, informazio genetikoa ADN modura antolatzen dute. ADNak duen informazioaz ARNa sortzen dute, eta horren bidez proteinak. Birusek, ordea, era askotara gorde dezakete informazioa.

Hiesa eragiten duen birusak ARN modura gordetzen du, baina, ugaritu nahi badu behintzat, bere informazio genetikoa zelulak gordetzen duen erara moldatu beharko du. Horretarako, birusak lehenik ARNa ADN bihurtu beharko du, zelularen berdina izanik, ziria sar diezaion; hori da alderantzizko transkriptasa entzimaren zeregina. Entzima hori blokeatuta birusak ezingo du bere informazio genetikoa zelularen informazioan integratu, eta, hortaz, birusaren zikloak ezingo du aurrera jarraitu eta infekzioa bertan behera geratuko da.

Baina zelulak ez du proteinak eratzeko eta ugaltzeko makineria soilik jarriko; energia eta lehengaiak ere jarriko ditu. Horri esker bizi ahal izango du birusak. Zelula, ordea, kaltetuta suertatuko da, birusa etengabe ugaritzen ari baita. Infekzioa sortzen denetik, egunero mila milioika partikula biral eratzen dira.

Birusen infekzioak ezin dira antibiotikoez tratatu, ez dute birusa akabatzeko balio. Baina informazio genetikoa horren era bitxian gordetzeak entzima bereziak izatera behartzen du birusa. Zeluletan berez azaltzen ez diren entzimak dira, eta zelulari kalte eragiteko beldurrik gabe horiek inhibitzeko aukera dago. Hortik abiatu dira infekzioa tratatzeko terapiak eta txertoak garatzeko unean.


Giza Immunoeskasiaren Birusaren aurkikuntza: ustekabea edo lapurreta?

Luc Montagnier ikertzailea.

Hiesak berehala piztu zuen eztabaida; hasieran homofobo samarra ageri zen, homosexualak baino ez zituela kutsatzen baitzirudien. Baina gaixotasuna eragiten zuen birusaren aurkikuntza ere hala-moduzkoa izan zen, eztabaidatsua. Luc Montagnier frantsesaren eta Robert Gallo estatubatuarraren arteko tirabirak mundu zabalean entzun ziren, biek ziurtatzen baitzuten birus hiltzaile hura identifikatu zutela. Egoera hartan, bakoitzak izena jarri zion, biek nahi baitzuten ohorea beraientzat, seguraski Nobel saria lortzeko esperantzaz. Azkenean, orduko Frantziako lehen ministro Jacques Chirac-ek eta Estatu Batuetako lehendakari Ronald Reagan-ek hiesa diagnostikatzeko proben salmentatik ateratako irabaziak banatzea hitzartu zuten.

Baina bi ikertzaileek birus bera identifikatu zutela frogatu zenean, batek baino gehiagok leporatu zion iparramerikarrari Montagnierren birusa erabili izana. Izan ere, Montagnierrek, birusaren aurkikuntzaren berri eman zuenean, zientzialarien artean ohikoa den bezala, lagin bat bidali zion Gallori. Hilabete gutxira, hiesaren benetako birusa isolatu zuela adierazi zuen estatubatuarrak, eta hori zela hiesaren sortzailea, ez Montagnierrek identifikatutakoa.

Robert Gallo ikertzailea.

Azkenean, Gallok Nature aldizkarian azaldu behar izan zuen, agian, bere laborategian isolatutako birusa aurretik Montagnierrek bidalitako birusak zelula-kultiboak nahi gabe kutsatzean isolatu zuela. Azkenean, birusaren aurkitzaile izateari uko egin behar izan zion, baina, oraindik orain, askori geratu zaio zalantza Gallori laborategiko kultiboa ‘nahita’ ez ote zitzaion kutsatuko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia