}

Pistatxo azalak eta pneumatikoak ingurugiroaren alde

2000/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Estatu Batuetako Illinois Unibertsitateko eta Illinois State Geological Survey erakundeko ikerlari-talde batek pneumatiko zaharrak eta pistatxo azalak erabili ditu merkurioa harrapatzeko.

Merkurioa oso toxikoa da baina zentral termikoetan barra-barra ekoizten da. Ondorioz, ingurugirora ixuri aurretik airetik erauzi beharra dago, normalean karbono aktibatuaren bidez. Illinois-ko ikerlariek hainbat material probatu dituzte merkurioa gas-zorrotada batetik hobekien zeinek erauzten duen aztertzeko, eta pneumatiko zaharrez eta pistatxo-azalez osaturikoa oso eraginkorra dela ikusi dute.

Materialen eraginkortasuna gas-zorrotadaren ezaugarrien araberakoa den arren, pneumatiko eta pistatxo-azalek kasu guztietan ongi funtzionatu dute eta batean beste materialak baino bost bider eraginkorragoak izan dira. Sufredun karbono aktibatuak merkurioa erauzten oso eraginkorrak dira, baina sufrea gehitzea garestia da.

Horregatik, jada sufrea baduten pneumatiko zaharrak erabiltzea proposatzen dute Illinois-ko ikerlariek, merkeagoa delako eta erabilitako gurpilentzat irtenbidea litzatekeelako.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia