Piccard-tarrak, zientzialari abenturazaleak
2011/03/13 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia
Ez dakigu suitzarrak helburua lortuko duen, baina ez da haren lehen balentria izango. 1999an, geldialdirik gabe globoz munduari buelta ematen lehena izan zen Bertrand Piccard.Eta esan liteke, gainera, odolean daramala.
Bertranden aitona estratosferara igo zen lehen pertsona izan zen. Auguste Piccard fisikaria zen, eta izpi kosmikoak ikertzera igo nahi zuen estratosferara. Hark ere globoz egin zuen igoera. Estratosferako presio txikian bizirik irauteko, aireari ateratzen utziko ez zion kabina bat egin zuen, barruan atmosfera normal bat mantenduko zuena. Garaiko espezialista guztiek hori egitea ezinezkoa zela esan zioten. "Baina, jartzeko gai ziren aitzakia bakarra zen inoiz ez zela horrelakorik egin", dio Piccardek bere Earth, sky, and sea liburuan. "Zenbat aldiz entzun ote ditut halako arrazoiketak!"
Piccardek kabina esferiko bat diseinatu zuen. Bi metroko diametroa zuen,3,5 mm-ko aluminiozko pareta, eta zortzi leihotxo borobil behaketarako. Esfera hura estratosferara igoko zuen globoa ere diseinatu zuen; izugarri handia zen.
Goizeko laurak eta hogeita bostean atera ziren Augsburg-etik Piccard eta Paul Kipfer. Eta 28 minutura, 15.500 metroan zeuden; estratosferan!
Baina, pixka batera, arazo bat zutela konturatu ziren: globoaren ihes-balbula kontrolatzen zuen soka ez zebilen! Balbula ireki gabe ezingo zuten globoa jaitsarazi. Kanpoko kondizioen mende zeuden: arratsaldera arte —hoztu arte, alegia—, ez ziren jaisten hasiko. Baina, non egongo ote ziren ordurako? Eta itsasoan erortzen baziren?
Atera zirenetik 17 ordura hartu zuten lur, Alpeetan, 2.600 metroan. "Leku zoragarria zatekeen, halako hotzik egin izan ez balu!", dio Piccardek liburuan. "Globoaren oihalean bilduta hartu genuen lo".
Inor ez zen inoiz hain goian izan. Eta 20 urte beranduago kontrako marka hautsiko zuen Auguste Piccardek; inor baino beherago jaistea, alegia. Dena den, Piccard-en helburua ez zen markak haustea, ikerketarako bide berriak irekitzea baizik; ordura arte behatu ezin izan zena behatzeko moduak aurkitzea.
B Trieste batiskafoa. Bertan jaitsi zen Jackes Piccard 10.916 m-ko sakonerara.(Irudia: U.S. Naval Historical Center Photograph).
Jackes semearekin batera (Bertranden aita), Trieste batiskafoa sortu zuen. Funtsean globo estratosferikoaren ideia bera zen: altzairuzko kabina esferiko bat, gainean flotazio-tanga handi bat zuena. Tanga gasolinaz beteko zen (ura baino arinagoa) hondotik gora igo ahal izateko; eta, hondoratzeko, flotazio-tanga zeharkatzen zuten altzairuzko bi zilindro zituen, burdinazko granailaz beteak.
1953an aita-semeek marka guztiak hautsi zituzten, 3.167 metrora jaitsita. Handik zazpi urtera, berriz, Jackes Piccard eta Donald Walsh teniente estatubatuarra Marianetako fosaren punturik sakonenera jaitsi ziren batiskafo berarekin. Abiatu zirenetik 4 ordu eta 48 minutura, hondora iritsi ziren. 10.916 m. 20 minutuz egon ziren han, hainbat neurketa eta behaketa egiten. Eta Piccard-ek mihi-arrain baten antzeko zerbait ikusi zuen. Ozeanoaren sakonenean ere baziren bizidunak!
Inoiz ez zen inor hain behean izan. Eta geroztik ere, inoiz ez da inor hain behean izan.
Aitaren eta aitonaren bidean dago orain Bertrand. Globoz munduari buelta ematean, aitonak betetzerik izan ez zuen amets bat bete zuen bilobak. Orain, ikusteko dago eguzki-energia hutsez munduari buelta ematen ere lehena izango den.
7k-n argitaratua
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia