Pestizida-arrastoak gutxitu egin dira elikagaietan
2012/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Baimendutako muga gainditzen duten pestizida-arrastoen kasuak gutxitu egin direla adierazi du Europako Batasunean elikagaien segurtasunaz arduratzen den erakundeak (EFSA). Azken txostenaren arabera, 2006an % 4,4k gainditzen zuten muga, eta 2009an, berriz, % 1,2k. EFSAren arabera, neurri batean 2008an araudian egindako aldaketari zor zaio jaitsiera hori.
Txostena egiteko, 67.000 lagin aztertu dituzte, Europako Batasuneko 27 herrialdeetan eta Islandian eta Norvegian hartutako laginak. Emaitzek erakutsi dute batik bat frutetan eta barazkietan gainditzen dela pestizidentzat baimendutako muga; bereziki, mahatsean, piperretan eta alberjinietan.
EFSAk ohartarazi du piperren pestizidak direla kaltegarrienak pertsonen osasunerako; hala ere, gehitu du, pestizida-arrastoak dituzten barazkiak eta frutak janda ere, inori kalte egiteko arriskua txikia dela.
Beste xehetasun batzuk ere azaltzen dira txostenean; adibidez, pestiziden muga gainditzea ohikoagoa dela inportatutako elikagaietan (% 6,9) Europako Batasunekoetan baino (% 1,5); eta haragiak eta elikagai ekologikoak batez bestekotik behera daudela.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia