}

Penizilinak bultzatu zuen sexu-iraultza, ez pilula antisorgailuak

2013/02/12 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Askotan jo izan da pilula antisorgailua Estatu Batuetan 1960ko hamarkadan gertatu zen sexu-iraultzaren eragile nagusitzat. Orain, ordea, Emory Unibertsitateko ekonomialari batek beste hipotesi bat plazaratu du. Haren esanean, sexu-jokabideetan sortu zen askatasun-giroa lehenago hasi zen, eta penizilinari dago lotuta, pilulari baino gehiago.
penizilinak-bultzatu-zuen-sexu-iraultza-ez-pilula-
Sifiliaren aurkako kanpaina baten kartel bat. Arg. CDC

Andrew Francis da sexu-iraultzaren eta penizilinaren arteko erlazioa aztertu duen ekonomialaria. Azaldu duenez, 1950eko hamarkadan, penizilina hedatzeak sifilia kontrolpean izatea ekarri zuen, eta, horren ondorioz, sexu-jokabideak aldatu egin ziren.  

Hain zuzen ere, 1930eko hamarkadan eta 40koaren hasieran, sifilia gaixotasun larria zen: 1939. urtean, 20.000 pertsona hil zituen Estatu batuetan. “Garai hartako hiesa zen”, esan du Francisek. 

Berez, penizilina 1928an aurkitu zen, baina Bigarren Mundu Gerraren inguruan frogatu zen sifiliaren aurka eraginkorra zela. Ordutik aurrera, garatu, merkatu eta hedatu egin zen; hala, sifilia mendean hartzea lortu zen, eta jendeak lehen zion beldurra galdu zuen. 

Ondorio horietara iristeko, 1930-1970 bitarteko Estatu Batuetako Gaitzen Kontrolerako eta Prebentziorako Zentroaren (CDC) datuak aztertu ditu Francisek, eta sexu-jokabideak neurtzeko, hiru parametrori jarri die arreta: sasiko haurren jaiotzak, nerabeen erditzeak eta gonorrearen intzidentzia (sexu-bidez erraz kutsatzen den gaixotasun bat). 

Francisen arabera, datuek agerian uzten dute penizilinaren, sifiliaren kontrolaren eta sexu-iraultzaren arteko lotura. Eta pauso bat gehiago ere eman du: hiesaren kasuan ere, esan du komeni dela aintzat hartzea antirretrobiralen hedapenaren eta hiesari beldurra galtzearen arteko erlazioa, sexu-harreman arriskutsuak izateko joera handitzen ari baita.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia