Patatak ere txerto!
2001/10/23 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia
Urte gutxi pasa da janariak botika-iturri izango zirela iragarri zutenetik, eta dagoeneko hemen dira. Egunetik egunera adibide berriak azaltzen dira. Oraingoan pataten bidez jaso ahal izango dugu B hepatitisaren aurkako txertoa.
Mikroorganismoen aurkako txertoak garatzeak berez baditu zailtasunak, baina, gainera, behin lortuz gero ere, ez du balio handirik txertoa sintetizatzea oso garestia bada. Merketzeko aukera desberdinakazaldu dira, eta horietako bat landareak zein animaliak botika-faktoria modura erabiltzea izan da. Horrela guztiontzat eskuragarri izango direla aipatu izan da maiz.
Hori dela eta, Hugh Mason genetistak eta bere lan-taldeak B hepatitisaren antigenoak sortzen dituzten patatak garatu dituzte. Era horretara, patatak jatean sistema inmuneak antigeno horien aurkako antigorputzak eratuko ditu. Aurrerantzean benetako birusa sartuko balitz, ordurako hori ezagutuko duten antigorputzen jabe izango litzateke gorputza, eta sartu eta berehala suntsituko luke. Dagoeneko hasi dira gizakiekin probak egiten, eta patatak jan dituztenek B hepatitisaren aurkako antigorputz-maila egokia sortu dutela ikusi dute pozaren pozez.
Mota horretako txertoetan garrantzitsua da landareak nahiko antigeno sortzea, bestelakoan ez baitu behar adinako erantzun inmune babeslea eragingo gizakiongan. Baina ez da zailtasun bakarra: antigenoak digestioan txikitu ez daitezen babestu behar dira. Horretarako, antigenoak sortzearen erantzule diren geneekin batera, landare-zeluletan birusen antzeko egiturak eratuko dituzten beste hainbat gene sartu behar dira. Horrela, antigenoak partikula biralaren barnean babesturik azalduko dira, eta neurri handi batean txertoaren eraginkortasuna handituko da.
Hala ere, antigenoaren kantitatea eta iraunkortasuna handitzeko erabiltzen den prozedurak landareen hazkuntza galarazten duela ikusi dute, eta haztekotan ere, tuberkuluen eraketa murriztu egiten duela. Hori dela eta, antigenoa landarearen garapenaren fase berantiarrean sintetizatzen has dadin ahalegintzen ari dira, landarea hazita dagoenean, alegia.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia