Panpa-lezka: mapan jarri, gero kentzeko
2008/02/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Cortaderia selloana du izen zientifikoa, eta panpa-lezka, panpa-belarra edo mustuka deitzen zaio. Izen zientifikoa txortenen ertz zorrotzek ematen diote, ebaki egiten baitute. Izen arruntek, berriz, izanaren beste alderdi batzuk salatzen dituzte: Hego Amerikakoa da jatorriz, tropikotik kanpoko lurralde epeletakoa, eta mustuka-itxurako infloreszentzia garatzen du txortenen muturrean loratzen denean. Hain justu, horrexegatik da hain landare ezaguna: udazkenean sortzen zaio kolore zurixka edo arrosazko luma-itxurako infloreszentzia, eta, orduan, inoiz baino nabariago ageri da.
Hain ezaguna izanda, edonork baiezta dezake panpa-lezka ikaragarri ugaritu dela azken urteetan. Exotikoa izatetik, inbaditzaile izatera pasatu da. Ez da bakarra, hala ere. Euskal Herrian, gizakiak landatu gabe, berez agertzen diren laurehun bat landare baskular arrotz hazten dira, bai inguru naturaletan bai gizakiak erabiltzen dituenetan. Horietatik gutxi gorabehera ehun neurriz kanpo ugaritu dira, eta arriskuan jartzen dute hartzen duten habitata. Cortaderia selloana horietako bat da, arriskutsuenetako bat zenbait lekutan.
Panpa-lezka izugarri ondo egokitu da kostaldeko lur hezeetara, eta dentsitate handiko populazioak sortzeko joera du. Batez ere, eraldatu diren lurrak hartzen ditu, erraz kolonizatzen baititu: garraiobideen ertzak, ezpondak, lanak egin berri diren orubeak... Baina gero eta ohikoagoa da gutxi eraldatutako habitatetan azaltzea, ingurumenaren aldetik balio handia dutenetan, hala nola hezeguneetan, dunetan, paduretan, larreetan eta sastrakadietan, eta Pinus radiata pinu-landaketa gazteak ere inbaditzen ditu.
Hartzen dituen habitatetan, hainbat eratako kalteak eragiten ditu. Adibidez, baso gazteetan eta zuhaitz-landaketetan, zuhaitz gazteekin lehiatzen du, ura eta elikagaiak xurgatzeko; horrenbestez, zuhaitz gazteen hazkundea moteldu edo oztopatu egiten du. Bestalde, udan, hosto eta infloreszentzia lehorrek sute-arriskua areagotzen dute. Larreetan, berriz, belarraren kalitatea txikitzen du, eta, beraz, larrearen balio ekonomikoa jaitsi egiten da. Larre edo zelaiaren biodibertsitatea galtzea ere ekartzen du.
Interes berezia duten guneetan edo babestu beharrekoetan, bertako landareekin lehiatzen da, eta haiek ordezkatzera iristen da, bereziki hezeguneetan. Gainera, eremu naturalen bilakaera asaldatzen du, baso bilakatzeko berezko eboluzioa moteltzen baitu. Azkenean, ekosistema osoari eragiten dio.
Gizarte-ikuspuntutik, inguruaren balio estetikoa eta olgetarako erabilera gutxitzen ditu, baita paisaiaren kalitatea ere. Eta uda-amaieran eta udazken-hasieran sortzen duen polenak alergia eragin diezaieke panpa-lezkaren kolonia handietatik hurbil bizi diren pertsonei.
Lehenengo lana, mapa osatzea
Panpa-lezkaren infloreszentzia bakoitzak ehun mila hazi sortzen ditu, eta landare eme bakar batek milioi bat hazi. Ile luze bati lotuta askatzen dira landaretik, eta, horri esker, erraz eramaten ditu haizeak. Hogeita hamar kilometro eta gehiago aldentzen dira, eta are urrutiago iristen dira garraiobideen bitartez, ibilgailuek sortzen dituzten aire-korrontez baliatuta, edo ibilgailuen azalera edo pertsonen oinetakoetara eta arropetara erantsita.
Haziak ernetzeko lur onenak harea asko, ura eta itzala dutenak dira, baina askoz lur desegokietan ere ernetzeko gai dira. Tenperatura epelek mesede egiten diotenez, ibarren behealdean ugariagoa da, eta, hain justu, hortxe daude herri eta hiri gehienak, eta hortik igarotzen dira garraiobideak.
Bizkaiko Foru Aldundiak 2006an argitaratu zuen panpa-lezka kontrolatzeko gida praktikoa, eta, han ageri den populazioen mapan, garbi azaltzen da aipatutakoa: populazio nagusiak errepide nagusien eta autopisten ertzetan daude, eta bereziki nabarmentzen dira A-8 eta A-68 autobideak eta Txorierriko autobia.
Orain, Aranzadi Zientzi Elkarteak egin du landarearen kartografia, Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatuta, eta ikusi dute lurralde horretan ere panpa-lezkaren hedapenak eredu berberari jarraitzen diola. Hau da, populazio-dentsitate handienak Donostia inguruan daude, Irundik hasita, eta garraiobide nagusiei jarraituz hedatzen da haranetan barna. Populazio bakoitzaren kokapena zehaztu dute, eta bereziki begiratu diete naturaguneei, oso kalteberak eta balio handikoak baitira.
Kontrol-neurriak
Mapa osatzea lehen pausoa izan da. Orain, kontrol-neurriak probatu behar dituzte, kasu bakoitzerako egokienak aukeratu eta martxan jartzeko. Lehentasuneko lekuak eremu babestuak eta dentsitate handiko populazioak dituzten lurrak izango dira.
Neurriak fisikoak, kimikoak eta bestelakoak izan daitezke. Selektiboena landarea errotik ateratzea da. Oso ugaria denez, langile-piloa beharko litzateke landare guztiak ateratzeko; ezinezkoa da hemen hori egitea. Hala ere, zenbait tokitan, boluntario-taldeak antolatu dituzte, eta landareak errotik ateratzen dituzte eskuz. Metodo eraginkorra da leku jakinetan, esaterako, babestutako eremuetan eta populazio txikiak daudenetan.
Dentsitate handia dagoen leku batzuetan, berriz, makinak erabili izan dira landareak atera eta suntsitzeko; alabaina, ez da irtenbide ona, lurra biluzik geratzen baita, eta horrek landare inbaditzaileak sartzea errazten du (panpa-lezka edo besteren bat). Beste metodo batzuk ere erabil daitezke, hala nola segaz moztea, infloreszentziak kentzea, eta erretzea; ez dira, ordea, oso eraginkorrak.
Metodo fisikoez gain, kimikoak daude, alegia, herbizidak. Gehienbat glifosatoa erabiltzen da, landarearen aurka eraginkorra delako, eta ez delako ia batere toxikoa ugaztunentzat, hegaztientzat eta arrainentzat. Hala ere, ezin da edonola erabili, ez baita selektiboa, eta kaltegarria izan baitaiteke inguruko landaretzarentzat. Hori dela eta, neurrian eta kontu handiz erabili behar da. Adibidez, landarean bertan injekta daiteke, eta, hartara, ez da lurrera ez inguruko bizidunetara iristen.
Gainera, metodoak elkarrekin erabiltzeko aukera dago. Kasu bakoitzean eraginkorrena zer den aztertu behar den arren, adituek gomendatzen dutenez, lehenik landarea moztu (loreak sortu aurretik) eta gero herbizida ematea izan daiteke onena. Ondoren, hildako landareak kendu egin behar dira.
Edonola ere, dauden landareak kentzea ez da nahikoa. Prebentzio-neurriak ezinbestekoak dira kolonizazio berriei aurrea hartzeko. Besteak beste, errepideen eta bestelako eraikuntzen lanak ondo planifikatzea komeni da, lurra ahalik eta gutxien eraldatzeko eta bertako landaretza lehenbailehen leheneratzeko. Horrez gain, ibilgailuak ondo garbitu behar dira, beste inon erabili aurretik. Bestalde, neurriak ezarri ondoren ere, populazioen jarraipen sistematikoa eta etengabea egin behar da.
Halaber, gizartea heztea oso garrantzitsua dela aipatzen dute adituek. Jendeak jakin behar du landare dotore horrek kalte egiten diola ingurumenari, ez dela landatu behar eta ez zaiola hedatzen lagundu behar. Ea neurri horiekin guztiekin desagerraraztea lortzen duten, edo, gutxienez, hedatzea galarazten duten.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia