Paleolitoko jostorratzak ziren Noailles zulakaitzak
2019/06/12 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Duela 29.000 eta 21.000 urte bitarteko aztarnategietan oso arruntak dira Noailles erako zulakaitzak. Bereziki Euskal Herriko, Pirinioetako eta Europa hegoaldeko aztarnategi batzuetan; milaka azaltzen dira. Ohikoak bezain enigmatikoak dira, ordea, ez baitago argi zertarako erabiltzen ziren. Isturitzeko haitzuloko Noailles zulakaitzak aztertuta, Goi Paleolitoko jostorratzak zirela ondorioztatu dute orain ikertzaileek.
Harrizko tresna txikiak dira Noailles zulakaitzak: gehienez 3 cm-ko luzera eta 2 cm-ko zabalera dute, eta suharriaz eginda daude. Punta zorrotz nabarmen bat dute. Zulakaitzen marka mikroskopikoak aztertuz jakin dute zertarako erabiltzen zituzten. “Edozein suharrizko tresna erabiltzen denean, higadura-markak azaltzen dira. Aktibitatearen eta landutako materialaren arabera, marka-mota desberdinak. Haiek aztertuta jakin dugu larrua edo material bigunak lantzeko erabiltzen zituztela”, dio EHUko Aitor Calvo Martínez de Guereñu ikertzaile eta lanaren egileetako batek. “Baina esperimentazio zuzena ere egin dugu: zulakaitzen erreplikak egin genituen, eta ahuntz-larrua lantzen aritu ginen. Oso eraginkorrak ziren larrua zulatzen. Gainera, zulakaitz arkeologikoen eta gure errepliken markak konparatu genituenean ikusi genuen, harridura handiz, oso antzekoak zirela. Hortaz, uste dugu Isturitzeko kobazuloko Noailles zulakaitzak animalien larrua zulatzeko erabili zirela nagusiki”.
Garai hartako –Gravette aldiko– beste aztarnategien erregistro arkeologikoan badira ondorio honekin bat egiten duten elementuak. Izan ere, Errusiako Sunghir aztarnategiko eta Italiako Arene Candide eta Ostuni aztarnategietako hilobietan, esaterako, ehunka bolatxo edo ale azaldu dira, segur aski jantzietan josi izan zituztenak. Hala, erregistro horri erreparatuz, Isturitzeko zulakaitzak larruzko jantziak zulatu eta apaintzeko erabili zirela ondorioztatu dute EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko ikertzaileek.
Isturitzekoa da Europa osoan Gravette aldiko aztarnategirik garrantzitsuenetakoa, baina Aitzbitarte III kobazuloan ere milaka Noailles zulakaitz azaldu ziren. Orain arte egindako analisi eskasetan, ordea, beste jarduera-mota batzuk identifikatu dituzte, beste material batzuekin egiten zituztenak; baina Isturitzeko zulakaitzek ez dute balio material gogorragoekin, ezta intentsitate edo iraupen handiagoko jarduerekin ere. Hala, Aitor Calvok eta lankideek jostorratzen antzekoak izan zitezkeela argitaratu dute Journal of Archaeological Science: Reports aldizkarian.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia