Santakutze haitzuloa 1985ean aurkitu zuen Munibe taldeak (Azkoitia, Gipuzkoa), eta grabatuak, berriz, 2023an aurkitu zituzten Suharri kultur elkarteko kideek. Haiekin elkarlanean aritu dira EHUko Historiaurreko Ikerketa Taldeko kideak (GIZAPRE). Zehazki, giza okupazioari buruzko ikerketa Maria Jose Iriarte Chiapussok (EHU-Ikerbasque) eta Alvaro Arrizabalaga Valbuenak (EHU) egin dute, eta Cesar Gonzalez Sainzek (Kantabriako Unibertsitatea), berriz, erregistro grafikoaren azterketa. Orain aurkeztu dituzte emaitzak, eta baieztatu dute, grabatuaren teknikaren eta estilismoaren arabera, irudikapen grafikoak Goi Paleolito aurreratukoak direla, baina oraingoz ezinezkoa da kronologia gehiago zehaztea.
«Kobak oso noizbehinkako eta aldi baterako giza okupazioa izan zuen»
EHUko ikertzaileen esanean, Santakutze barrunbe txiki bat da, "oso noizbehinkako eta aldi baterako giza okupazioa izan zuena". Indusketan berreskuratutako materialen artean, fauna-aztarnak dira nagusi: orkatza, sarrioa, oreina eta bisontea, eta ebidentziek erakusten dute hienek eta hartzek ere erabili zutela haitzuloa.
Arteari buruzko xehetasunak ere eman dituzte: “Kobak grabatuak dituzten lau panel txiki ditu: bi figuratiboak dira, eta gainerakoak gai ez-figuratiboak dira. Bi irudikapen figuratiboak amaitu gabeko bi animaliari dagozkie: goiko erlaitza bisonte baten bizkarrarekin, eta lurrerantz begira dagoen ahuntz baten atzeko aldea”.
Hezurretan eta adarretan
Aurkikuntza honekin, Debabarrenan lau haitzulo ezagutzen dira horma-irudiak dituztenak: Praileaitz I, Arbil V, Agarre eta Santakutz. Horrez gain, Mendaroko Agarre eta Aizkoltxo haitzuloetan ere aurkitu da Paleolitoko artea. Baina, arkeologoek zehaztu dutenez, horietan, irudikapen grafikoak euskarri organikoetan ikusi dituzte (hezurrak eta adarrak), ez haitzuloen hormetan. Iriartek eta Arrizabalagak badute aurkikuntza gehiagoren berri emateko itxaropena.
Galarraga Aiestaran, Ana
Elhuyar Zientzia








