}

Ozeano hondoak aztertzeko zunda

1999/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Jet Propulsion Laboratory-ko ingeniariek garatutako zunda Jupiterren Europa sateliterantz abia daiteke etorkizunean, bertako izotz-geruza azpian ustez dagoen ozeanoa aztertzeko helburuarekin. Baina, oraingoz, Lurrean bertan erabiliko da, itsas-hondo sakonetako sumendien tximiniak edo Antartikako Vostok laku erraldoia aztertzeko.

Zundak atariko froga gainditu zuen Monterrey-ko Akuarioan. Itxura zilindrikoa du, itsas-hondoetako baldintza gogorrak jasateko eraikia dago eta punta-puntako tresneriaz hornituta dago. Zunda Tahiti aldeko uretan erabili da, itsas-hondoetako sumendien tximinia inguruan bizia nola sortu eta garatzen den aztertzeko. Tximinia horiek plaka tektonikoen mugetan daude eta itsas-hondo izoztuetako bizi-oasiak dira, 80 eta 400 ºC bitarteko tenperaturekin.

Zundaren baliagarritasuna frogatzeko, giro izoztuetan lan egiteko egokituko da eta Antartikako Vostok laku izoztuaren hondoak azterteko erabili. Ur gezako lakuak 4.000 m-ko sakonera du eta lan horiek izango dira espazioan egin beharrekoen aitzindari.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia