}

"Oxygent" odol berria

1992/09/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Odol-transfusiotan dauden arriskuak, hots, HIES edo hepatitisa kutsatzeko dagoena, ezagunak dira. Beraz, odolaren ordezkatzaile segurua aurkitzeak gero eta garrantzi handiagoa du. "Oxygent" fluorokarburo-emultsioa da eta "Alliance Pharmaceutical Corp" konpainiak garatu du, une honetan EEBBetan ebaluazio-fasean dagoelarik.

Hemoglobinak oxigenoa finkatzen badu ere, fluorokarburoek oxigenoa disolbatu egiten dute. Horrela, ehunek oso erraz har dezakete oxigenoa. Gainera, fluorokarburoak eskatu ahala sor daitezke eta behar denean nahi adina izan daiteke. Gainera infekzio- zein kutsadura-arazorik ez dago.

"Oxygent" ez da odol artifiziala; hemoglobinaren ordezkatzaile bat baizik. Plasmarekin nahasturik, ebaketa baten ondoren odola ordezka dezake. Hala ere, fluorokarburoen aplikazio-eremua are zabalagoa da, hau da, bihotza irekita egindako ebaketetan, bihotz muskulua oxigeno faltatik babesten dute.

Kaltetutako ehunak oxigenatzeko eta odolbilduak garbitzeko ere erabil daitezke. Gainera, tumore-zelulak oxigenatuz, zenbait kantzer-motatan radioaren eta kimioterapiaren eragina handiagotzeko ahalmena ere izango dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia