}

Otorduetan ezinbestekoa: ogia

1997/11/01 Lorenzo, Arantza | Uranga, Ane Miren Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ogi industrialaren garapena dela medio, aukera desberdinetan eta gero eta erakargarriago eskaintzen zaigu janari hau. Egungo joera komertzialari jarraituz, ogia kontsumitzaileen behar eta gustuetara egokitzen dela esan dezakegu.

Dieta orekatua egin nahi duen edonork sartu behar du ogia bere elikadura-ohituretan. Artikulu honetan aurkituko duzu, irakurle, horren zergatia.

Baina, hori bai, otordu guztietarako egokia den jaki laguntzaile honen funtsezko osagaiak berdintsu mantentzen direla baiezta dezakegu. Hau da, gari-irina, ura, gatza eta legamia dute guztiek. Zerk bereizten ditu orduan? Itxurak, egosketa-denborak, funtsezko osagaien kopuruek eta, askotan, gehitzen zaizkien osagarriek. Zekale-irina, soia-irina, arto-irina, intxaurrak, azenarioa, gurina, esnea eta azukrea dira gehitzen zaizkien osagarri horietako batzuk. Horrela lortzen dira, beraz, okindegietan topa daitezkeen ogi desberdinak.

Segidan, ogi batzuen ezaugarriak aipatuko ditugu dioguna hobeto uler dezazun. Baserriko ogia izenez ezagutzen denak ogi zuriaren ore bera izaten du eta hartzidura-denbora luzeagoa izateagatik bereizten da. Soia-ogiari, berriz, zekale-irina, soia-irina eta soia-aleak gehitzen zaizkio. Ogi zuriaren oreari gurina gehitzea aski da gurinezko ogia lortzeko. Eta azken honi azenarioa gehitzea nahikoa azenarioduna lortzeko. Ikus daitekeenez, hamaika ogi-mota lor ditzake okinak osagaiekin jokatuz.

Alabaina, gehien kontsumitzen dena ogi zuria denez, bere elikadura-ezaugarriak aztertuko ditugu. % 35,43 inguru ura izaten da; karbohidrato konplexuak, berriz, % 55; koipea, % 1; proteinak, % 7 eta % 3 zuntza. Jakin behar da, bestalde, 255 kcal dituela 100 g-ko. Gainera burdina, magnesioa, zinka eta B taldeko bitaminak ere baditu. Gurinezko ogia bada, berriz, kontuan hartu koipe gehiago eta karbohidrato gutxiago ahoratuko dituzula.

Honi, egunean behar ditugun kalorietatik % 55-60 karbohidrato konplexuetatik eskuratzea komeni dela gehitzen badiogu, eguneroko dietan ogia ezinbesteko jakia dela ondorioztatuko dugu. Hori bai, egunean jan behar den ogi-kopurua pertsona batetik bestera aldatu egiten da eta bakoitzak bere neurrira egokitu behar du. Baina, ezinbestekoa da betiere. Ondorioz, “ogiak gizendu egiten du” pentsatzea baztertu egin behar dugu, ez baita oso zuzena baieztapen hori. Gehiegizko kaloriek gizentzen dute eta ez kaloria horien iturriek. Hemen ere, oreka lortzean dago gakoa, irakurle.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia